Errege Magoentzako gutuna

Juan Karlos Arellano (Azpeitiko Aralarren izenean) | Iritzia | Artikulua
2011-01-05 12:01

Kaixo Errege Magoak:

Urola bailaratik idazten dizuet, Azpeititik zehatzago esanda. Magoak zaretenez jakingo duzue bailara hau oso polita dela, eta gauza polit asko dituela: konbentuak, elizak, berdegune asko eta bertako herritarrak ere oso bereziak garela esaten dute. Horregatik, opari berezi bat eskatu nahiko nizueke, niretzako bakarrik ez den erregalo bat hain zuzen.

Meltxor Lopez, Gaspar ZP eta Baltasar Arriola errege magoak, gure bailara hau kontutan hartuko duzuela datozen urteetan eta dagokigun, horrela diot garai batean bailararen izena zeraman trena bagenuelako, trena berreskuratzeko eskaera egiten dizuet. Trena erabili nahi dugu lanera joateko, hondartzara joateko eta denbora pasa jaiak ditugunean inguruko herrietara joateko. Erregalo hau bakarrik eskatzen dizuet, zuen esku dagoelako. Oso txintxo portatu naizela uste dut eta ez dudala nire ingurukoekin gauza txarrik egin. Guzti horrengatik pentsatzen dut fabore hori egingo didazuela.

Horrela izatea espero dudalako, muxu haundi bat hiruroi. Horrelako oparia izanda, ziurtatzen dut ez dudala nik bakarrik disfrutatuko. Eskerrik asko.

Agur eta datorren urtera arte.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa