Bertso Parrandako finala, gaur

Uztarria.eus 2010ko abe. 30a, 13:12

.Gaztetxean izango da, 22:30ean hasita

HATXE eta MAN taldeak izango dira oholtza gainean

.V. Bertso Parranda bukaerara iritsi da. Gaur, abenduak 30, jokatuko dute finala HATXE (Haritz Garmendia, Etxaniz eta Txibilter) eta MAN (Haritz Etxeberria Ministro, Ander Urbieta eta Nekane Zinkunegi) taldeek, 22:30ean hasita, Gaztetxean. Saioa ikusteko sarrerarik ez da ordaindu beharko.

Hasierako eta bukaerako agurrez gain, ofiziotan, oinak emanda, objetuari kantuan eta konplatan taldeka aritu beharko dute bi taldeek.

Haritz Etxeberria 'Ministro'k jakinarazi duenez, "finala bero-beroa izango da". Garrantzitsuena "saio ona irtetzea" dela uste badu ere, beraiek, MAN taldeak, irabaziko dutela esan du.

HATXE taldeko Haritz Garmendiak, berriz, "intentzioa jarriko" dutela eta "behin finalera iritsita gozatu behintzat" egin nahi lukeela adierazi du. "Saio txukuna eginez gero, konforme geldituko naiz", gaineratu du.