Imajinazio handiko jaiotza txikiak

Uztarria.eus 2010ko abe. 29a, 20:12
Jende ugari inguratu da orain arte jaiotzen erakusketara

Iraurgi Ikastetxeak antolatutako jaiotzen erakusketa urtarrilaren 4a arte ikus daiteke Betharramen

LH3 eta LH6 arteko ikasleek egindako 48 lanek osatzen dute erakusketa

Gabonetako hitzordu klasikoetakoa bihurtu da jende askorentzat Iraurgi Ikastetxeak antolatutako jaiotzen erakusketa. Hamabosgarren edizioa bete du ekimenak aurtengoarekin; Gabon bezperan ireki zuten eta urtarrilaren 4a arte ikusgai izango da, Betharramen.

Askotariko kolore, material eta teknikak biltzen dituzte erakusketan jarri dituzten 48 jaiotzek. Belengo estalpea, Jesus, Maria, Jose eta Hiru Erregeak dira guztietan errepikatzen direnak. Badute bestelako antzekotasunik ere, tamainan, neurri txikikoak baitira oro har.

Iraurgi Ikastetxeko LH3 eta LH6 arteko ikasleek egin dituzte erakusgai jarritako jaiotzak. Erakusketa osatzeko bada beste jaiotza handiago bat, Gabonetako beste zenbait motibo ere bai, eta paretak betetzen dituzten eguberri postalak; haiek ere Iraurgiko ikasleek egin dituzte, aurrez aipatutako mailetakoek eta baita txikiagoek ere.