Umeak Gabonetako oporrak gozatzen

Uztarria.eus 2010ko abe. 27a, 20:12
Txikienentzako gunean ume asko elkartu da gaur, tartean gurasoek lagunduta ibili direnak

Urteroko jolas parkea urtarrilaren 4a arte martxan izango da Izarraitz pilotalekuan

Aste honetan, hilaren 30a arte, luzatuko dira Gazteria Sailak prestatutako ekintza bereziak

Eskolara joan beharrik ez eta, Gabonetako oporrei zukua ateratzeko aukerarik ez zaie falta herrian Azpeitiko ume eta gaztetxoei. Atzo, astelehena, ireki zituen ateak haurrentzako jolas parkeak. Urteroko jolas parkea urtarrilaren 4a arte martxan izango da Izarraitz pilotalekuan. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean ezik, gainontzeko egun guztietan lau orduz irekita egongo da, 16:00etatik 20:00etara. Sarrerak bi euro balio du.

Gabonetako jolas parkea ez da, ordea, neguko oporraldian gaztetxoek daukaten aukera bakarra. Gabonetako zinemaldia ere hor dago, astegunetan, Sanagustinen. Eta, aurrez izena emana dutenentzat, baita Udaleko Gazteria Sailak prestatutako ekintza bereziak ere. Haur Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta 17 urte arteko gazteentzako ekintzak antolatu dituzte, hiru taldetan banatuta: HH5-LH3 artekoena, LH4-LH6 artekoena, eta 12 eta 17 urte artekoena. Atzo estreinatu zituzten, eta hilaren 30a arte luzatuko dira.