Iraurgi Lantzenek Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa sarearen mapa aurkeztu du

Uztarria.eus 2010ko abe. 17a, 11:12

Alazne Larrañaga, Iraurgi Lantzeneko enpresa teknikaria. (Ane Olaizola)

Urtarilean martxan jarriko duten zerbitzuak eta industriguneetako enpresen informazioa eskainiko du

Azkoitiko eta Azpeitiko industriguneetako enpresetatik %95 ingururen informazioa edota kokapenan sarean jarri dute

Iraurgi Lantzenek eskualdeko enpresa sarearen mapa aurkeztu du, Valora egitasmoaren baitan. Mapa horretan, Azkoitiko eta Azpeitiko industriguneetako enpresetatik %95 ingururen informazioa edota kokapenan sarean jarri dute.

Alazne Larrañaga Iraurgi Lantzeneko enpresa teknikariak jakinarazi duenez, "zerbitzuak bi herrietako enpresen izena ezagutarazteko eta Interneten presentzia izateko" balioko du, besteak beste. Datorren hilabetean jarriko dute martxan aplikazio berria, Iraurgi Lantzenen www.iraurgilantzen.net atariaren baitan.

Erabiltzaileak, zerbitzu horren bidez enpresaren kokapena ez ezik, bestelako informazioa ere aurkitu ahal izango du; hala nola, industrigune bakoitzean zenbat enpresa dauden, zer jardunbide duten eta non dauden azalduko zaio. Horrez gain, ordea, enpresaren inguruko fitxa ere agertuko da, eta bertan, jardunbidea, telefonoa, kokapena, faxa, web-orria, GPStarako erabilgarriak diren UTM koordenadak edota ziurtagiria jakinarazten dituzte.

Informazioa "eguneratuta"

Larrañagaren arabera, zerbitzua "erabiltzeko erraza" izango da, eta bertako informazioa "eguneratuta" edukitzeko asmoa dute. Duela bi urte inguru hasi zen Larrañaga aplikazio hori sortzen, eta gaur arteko Azkoitiko eta Azpeitiko sektore guztietako 350 enpresaren informazioak eta kokapenak txertatu ditu sarean. Hala ere, Larrañagak adierazi du zenbait enpresaren presentzia falta dela: "Kasu batzuetan, enpresak ez ditugu lokalizatu, edota lokalizatu baldin baditugu ere, ez dizkigute datuak eman nahi izan". Hori hala, "norbaitek bere enpresa aurkitzen ez badu", Iraurgi Lantzeneko 943-85 12 00 telefonora deitzeko aukera eskaini du Larrañagak. Halaber, zerbitzua datorren urtean abiatuko badute ere, aurrera begira enpresek euren "prozesu produktiboa erakusten duten bideoak" txertatzea aurreikusten dute, eta zerbitzu osoa doakoa izango da.