Txapelak eta sari nagusiak etxean geratu ziren

Uztarria.eus 2010ko abe. 22a, 20:12
Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, sariak jasota, ikusleak agurtzen.

Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek irabazi zuten San Tomas eguneko Dantza Suelto Txapelketa

Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren izan ziren bigarrenak, eta Mikel Subinas eta Miren Ibarzabal hirugarrenak, Luis Alberdiren eskolakoen podiuma osatuz

Dantza Suelto Txapelketa ez da santomasetako ekitaldirik zaharrenetakoa, baina bai ikusle gehien erakartzen dituenetakoa. Atzo, lehen aldiz, plazako behin-behineko oholtza utzi eta Sanagustin Kulturguneko eszenatokira igo ziren dantzariak. Kulturgune berria bete-bete egin zen; bat baino gehiago dantzariak ikusteko gogoarekin gelditu zen.

Hamazortzi bikotek hartu zuten parte 2010eko txapelketan. Horien arten gehiengoa osatzen zuten Luis Alberdi Beltza-k gidatzen duen Azpeitiko eskolakoek. Eta, kopuruan ez ezik, maila ematerakoan ere nagusi izan ziren etxeko bikoteak. Horrela, Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek irabazi zuten San Tomas eguneko Dantza Suelto Txapelketa. Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren izan ziren bigarrenak, eta Mikel Subinas eta Miren Ibarzabal hirugarrenak, Luis Alberdiren eskolakoen podiuma osatuz. Hiru bikoteak hurrenkera berdinean sailkatu ziren iaz ere, baina orduan bigarren, hirugarren eta laugarren izan ziren. Dantzari onenen sariak ere Azpeitian gelditu ziren: Amets Amubietak jaso zuen mutil onenarena, eta Garazi Gurrutxagak neska onenarena.

Bikote guztiek eraman zuten garaikurren bat etxera, tartean opari ederrak ere bai. Eskuak gozokiz gainezka eta ahoan irribarrea zutela etxeratu ziren Beltzaren ikasle txikienak ere, nagusien saioaren ondotik egin zuten erakustaldia era gero.