Kirol Patronatuak datorren urterako dituen proiektu eta eskaintzen berri eman du. Horien guztien helburua hitz bakar batean bildu dute: "10a". Kalitateari dagokionean, puntuazio altuena lortzea dute asmo, alegia.
Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzi Julian Kortajarenak eta Kirol Patronatuko zuzendari Ina Sagarzazuk adierazi dutenez, 6.138 pertsona dira patronatuko bazkide, ia Azpeitiko biztanlegoaren erdia. Eta haientzat guztientzako eskaintza hobetzearren, azpiegiturak zaharkituta daudenez, pixkanaka berrituko dituztela adierazi dute.
Hamar kale igerirako
Igerilekua handitzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko, kanpoko igerilekuko zati bat estaltzen ari dira. Igerirako lau kale izango dira bertan. Barruko igerilekuan dauden sei kaleekin, beraz, hamar kale izango dira erabilgarri. Asmoa da kanpoko bina kale Izarraitz Igeri Elkartekoentzako eta igeri ikastaroetarako bideratzea, eta barruko sei kaleak herritarrentzat izatea.
Kanpoko lanak amaitzearekin batera, barruko instalazioak berritzen hasiko dira, eta aste batzuez barruko igerilekua itxita egongo da. Putzua aldatu behar dute osorik, sakontasun gutxiagoko bat jarri eta ura aurrezteko.
Osasun aldetik ere beste neurri batzuetara egokitu behar dute eta, beraz, lanak iraun bitartean "pazientzia eta ulermena" eskatu dute Kortajarenak eta Sagarzazuk. Udarako hamar kaleak erabilgarri izatea espero dute.
Makina eta zerbitzu gehiago
Azpiegiturak zaharberritzeko prozesu horretan, muskulazioko makina berriak ipini dituzte, baita spinning-eko bizikleta berriak ere; "merkatuko azkenak", adierazi dutenez. Gainera, ordenagailu txiki bat dute eta Polar etxeko pultsometroekin bateragarriak dira.
Bestalde, urte berrira begira, ohiko programez eta ikastaroez gain, berriak eskainiko dituzte: Bosu, Multifitness, Fitball eta GAP, esaterako.
Erabiltzaileek makina eta instalazio berri horiek ikusi ahal izateko, ateak irekita egongo dira datorren urtarrilaren 1a bitartean.
Kuota %1,8 garestiago
Urtearekin batera igotzen dira prezioak Patronatuan, eta aurten KPIari dagokion igoera izango dute prezioek, %1,8koa. "Igoera handiagoa izan ohi da normalean, baina, lanak direla-eta eragozpenak izango direnez, KPIa soilik igotzea erabaki da", adierazi dute arduradunek.