Negu atariko festa alaia

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 20a, 19:12

Azpeitia baserritarrez jantziko da biharko San Tomas egunean

Plazako postuen bueltako festaz gain, Antzerki Topaketetako sari banaketa, pilotako partidak edota elkartasunerako guneak ere ez dira faltako herrian

Festa handia izango da bihar, asteartea, Azpeitian, San Tomas jaian. Goiz-goizetik herriko plaza eta kaleak alaituko dituzte txaranga, trikitilari, joaldun eta bestelakoek.

Plazan izango dira txorizo eta talo postuak, zortzi guztira: hiru ikastetxeenak, Motor Clubena, Baigerarena, Itsasi Dantza taldearena, Amnistiaren Aldeko Mugimenduarena eta Zaparraie Aisialdi Taldearena.

Berdura plazan, urtero moduan, barazki, fruta, lore eta baserriko produktuen azoka egongo da. Erakusketan egongo diren produktu bereziak erosteko aukera ere izango dute bisitariek.

Eguerdian herri-kirol jaialdi bikaina izango da plazan. Joxe Mari Olasagasti eta Floren Nazabal aizkolariek eta Aimar Irigoien eta Goenatxo II.-ak hartuko dute parte bertan. Aizkolariek, lehenik, bina enbor ebaki beharko dituzte, ahalik eta denbora tarte laburrenean. Ondoren, Irigoien 113ko zilindro zaharrarekin ariko da eta Goenatxo II.a 200eko errektangularrarekin. Atzetik proba mistoa egingo dute: aizkolariek seina enbor ebaki beharko dituzte, eta enbor bakoitzeko launa jasoaldi egin beharko dituzte Irigoienek eta Goenatxo II.ak 113ko kubikoarekin. Ostean, harri-jasotzaileak 100 kiloko bolarekin ariko dira.

Bitarte horretan egingo duten bertso saioa ere oso berezia izango da. Izan ere, bi aita-alaba bikotek jardungo dute bertsotan: Xabier eta Miren Amuriza eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe Eneritz alabarekin.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, berriz, Gazteen X. Dantza Sueltoko Txapelketa jokatuko dute Sanagustin Kulturgunean. Hamaika herritako 19 bikotek hartuko dute parte eta fandango eta arin-arin bana egingo dute.

Elkartasunezko postuak

Santomasetan ohiko txorizo eta talo saltokiez gain, bi postu berezi izango dira aurten Azpeitian. Ikasberri Ikastolak eta Nava Jeevan elkarteak ipiniko dituztenak, hain zuzen.

Ikasberri Ikastolak datorren urteko Kilometroen aldeko tonbola jarriko du Ikastolaren postuaren ondoan. Bertan ardo botilak, amantalak, ipuinak, Gabonetako saskia, telebista, Realeko jokalariek sinatutako baloia eta beste hainbat gauza zozkatuko dituzte. Guztira 3.000 sari izango dira. Ondorengo hauek lagundu dute tonbola jarri ahal izateko: Gopar (saskia), Gros Berri (telebista), Erreka (bizikleta), Añota (boletoak ordaindu ditu).

Bestetik, Kilometroen alde txerri bat zozkatuko dute. Animalia hori ere tonbolaren ondoan egongo da, eta irabazleak 15 eguneko epea izango du saria jasotzeko.

Bestalde, Kalkutan (India) ISSA elkarteak dituen umezurtzen egoitzetako odoleko gaixotasunak dituzten haurren aldeko postua jarriko du Nava Jeevan Elkarteak aurten ere. Txorizo eta talo postuaz gain, beren produktuak salduko dituzte (elastikoak, jertseak, eta abar). Gainera, elkarteari buruzko informazioa eman eta bazkideak lortzen ariko dira. 15:00etan zozketa berezia egingo dute: Realeko Mikel Labaka eta Mikel Aranburu jokalariek sinatutako elastikoak zozketatuko dituzte; baita, Udane Juaristi eta Olatz Aguado margolarien lan bana ere.

San Tomas eguneko egitaraua

  • 10:00. Izarraitz Txistulari Taldearen diana.
  • Goizean zehar. Goiz osoan zehar hainbat txorizo eta talo postu jarriko dute herriko plazan.
  • 11:00. Ilunperen Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira Frontoi Txikian.
    • 2. urteko benjaminak: Arrizabalaga-Alonso.
    • 1. urteko benjaminak: Aimar Egiguren - Iker Egiguren.
    • Benjaminak: Alberdi/Elosegi - Lizaso/Gurrutxaga.
    • Alebinak: Egiguren/Balerdi - Iriarte/Arizmendi.
    • Infantilak: Alberdi/Arrizabalaga - Adonis/Aranbarri.
  • 11:00. Azpeitiko Musika Bandaren eta Biasteriko Gaiteroen kalejira.
  • 12:00.Herriko txarangak eta dultzaineroek kalejira egingo dute. Itsasiko joaldunak eta Musika Eskolako soinujoleak ere kalez kale ibiliko dira goizean zehar, baita erraldoiak eta buruhandiak ere.
  • 12:00. Aizkolari eta harri-jasotzaile jaialdia, plazan. Olasagasti eta Nazabal aizkoran ariko dira eta Aimar Irigoien eta Gonatxo II.a harri-jasotzen.
  • 12:00.Bertso-saioa. Xabier Amuriza eta Miren Amuriza (aita-alabak) eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Eneritz Eizmendi (aita-alabak). Sebastian Lizaso ariko da gaiak jartzen.
  • 12:00. XXVIII. Euskal Antzerki Topaketetako Sari Banaketa udaletxean.
  • 12:00. Udazkeneko Lore eta Barazki Azoka Berezia izango da azoka plazan, haiek ikusi eta erosteko aukera izango dute herritarrek.
  • Eguerdi aldera. Txaranga, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak ibiliko dira kalez kale giroa alaitzen.
  • 17:00. Izarraitz pilotalekuan, pilota partida profesionalak, Asegarceko pilotariekin.
    • 4 t’erdian buruz-burukoan: Diaz - Olaetxea
    • Eskuz binaka: Leiza/Argote - Lemuno/Peñagarikano
  • 18:00. Gazteen X.Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da Sanagustin Kulturgunean. Bizkaia eta Gipuzkoako hamaika herritako 19 bikote ariko dira dantzan.
  • 20:00. Izer eta Alabier eta Imuntzo eta Beloki trikitilarien emanaldia kalez kale.