Loiolako liburuak Deustura eramatea "espoliazioa" da, Hamaikabaten ustez

Uztarria.eus 2010ko abe. 20a, 19:12

"Gipuzkoa eta Loiolako ondarearen desbalioztatze garrantzitsu bat dakar eta gure kezka agertzen dugu pauso bat besterik ez ote den izango", diote

Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak gertatutakoan "erantzukizun zuzena" dutela dio H1-ek

Hamaikabat (H1) alderdia "erabat aurka" agertu da Loiolako Santutegiko hainbat liburu Deustuko Unibertsitatera eramatearekin. Abenduaren 14an hasi ziren aurrez iragarritako lekualdaketa egiten eta "jada guztiak -10.500- han aurkitzen dira", H1ekoen esanetan.

"Deustura eramateko arrazoien artean digitalizazioa eta ikertzaileentzako hurbiltasuna azaldu dute erantzuleek baina gu erabat aurka gaude", diote H1-etik. Haien ustez, jesulagunek hartutako erabakiak "Gipuzkoa eta Loiolako ondarearen desbalioztatze garrantzitsu bat dakar eta gure kezka agertzen dugu pauso bat besterik ez ote den izango".

Loiolako ateak irekitzearen alde agertu dira H1-koak, "dituen altxorrak gizarteratu eta egun eskuartean ditugun erreminta teknologiko guztiak erabiliz ezagutza eta ikerkuntza zentru" bilakatzeko bidean.

H!-k dio liburuen lekualdaketak "espoliazioa" dela, eta Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak gertatutakoan "erantzukizun zuzena" dutela. Horrela, "dei zuzena" egiten diete, "lehenbailehen Loiolako liburuak berriro ere Santutegira buelta daitezen. Dirua ez da oztopo behar den kopuruarengatik eta ezta aitzaki ere liburu hauek duten balio bitxi eta bereziarengatik".