Bigarrenez ihes egin dio Ion Etxeberriari erremonteko Binakako Txapelak

Urola Kostako Hitza - Berria.info 2010ko abe. 18a, 20:12

.40-31 emaitzarekin, Urriza eta Etxeberriak eraman dute Azysa Torneoko txapela

Zeberio II eta Ion une batean gerturatu badira ere, aurretik ibili dira aurkariak Galarretan arratsaldean jokatu den partidan

Ion Etxeberria erremontista azpeitiarrari ihes egin dio bigarrenez erremonteko Binakako Txapelketako sariak. Zeberio II.a bikote zuela, Urriza III.a eta Etxeberria III.a nafarren kontra jokatu dute gaur arratsaldean Azysa torneoko finala eta nafarrek ondo hasi eta ondo amaitu dute partida. Hasiera oso ona izan dute, 11-3 irabazten hasi baitira nafarrak. Tartea mantendu dute hasieran 32-19ko emaitza ere izan baitute.

Ion eta Zeberio II.a gora etorri dira, ordea, momentu horretan, izan ere, 9-1eko partziala egin dute. Orduan, 33-28 an jarri da markagailua. Baina azkenean 40-31 irabazi du bikote nafarrak.

Ion Etxeberriak adierazi duenez "partida gogorra izan da, hasieratik aurre hartu digute eta atzetik joan gara partida osoan". Sentsazio gazi-gozoak zituen partida amaieran azpeitiarrak, "beti ematen du pena galtzeak. Behin finalera iritsita irabaztea nahi nuen, baina ez da posible izan". Hirugarrengoan beharko du bigarrenean izan ez dena. Dena den, gustura dago Etxeberria "finalean egote hutsak esan nahi duelako gauzak ondo egiten ari zarela eta hor goian zabiltzala".

Bigarren finala azpeitiarrarentzat Azpeitiko atzelariak 27 urte ditu eta gaurkoa ez da izan Ionek jokatutako lehen finala. Orain dela bost urte ere, 2005ean, iritsi zen binakako finalera Koteto Ezkurrarekin baina, txapeldunordetzarekin konformatu behar izan zuten. Zeberio II.ak, hain zuzen, zazpigarren binakako finala izan du gaurkoa; aurreko seietan txapela eskuratu zuen.