2011rako dituen asmoak azaldu ditu Uztarria Komunikazio Taldeak bazkideen batzarrean

Uztarria.eus 2010ko abe. 18a, 18:12

Gaur, larunbata, egin dute urteko bazkideen ohiko batzarra Baigerako aretoan

.2010. urteko ekintzen laburpena eta balantze ekonomikoa aurkeztu dituzte, besteak beste

Bazkideen Batzarrean hartutako erabakien harira, bazkideen 2011rako kuota bere horretan mantenduko du Uztarriak, alegia, 30 eurotan. Datorren urteari begirako aurrekontua azaltzeaz gain - 117.000 euroko aurrekontua izango du komunikazio proiektu honek -, 2010. urteko balantze ekonomikoa ere aurkeztu dute gaurko batzarrean. Uztarriarekin batera, ‘Eregi Euskara eta Komunikazioa’ enpresak ere urte honetako balantze ekonomikoa azaldu du —Uztarria Kultur Koordinakundeak sortu zuen 2004an—.

2010eko ekintzen laburpenari dagokionez, berriz, herri aldizkarian, eta uztarria.com interneteko atarian egindako lanez gain, uztarriaren produktuei dagokionez, 2010ean kaleratutako beste bi liburuxkaren aipamena egin da. Izan ere, aurtengo urtean ere Uztarria Komunikazio Taldeak liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraitu du eta bi izan dira urte honetan argitaratu direnak; maiatzean Santi Lazkanorena, eta uztailean Amaia Garmendiarena. 2001ean hasi zen Uztarria liburuak ateratzen, eta dagoeneko 18 produktu atera ditu: 12 liburu, 5 liburuxka biografiko eta CD bat.

Bigarren urtez jarraian, Uztarriak tonbola jarri du San Inazio festetan, eta horrekin batera, Frantziako Tourraren inguruko 10. Pourra ere antolatu du.

Pluraltasuna du oinarritzat proiektu honek: sentsibilitate guztien berri eman eta oreka lortu, gai aldetik pluralak izan eta kazetaritza generoak landu. Horren bila aritu da aurten ere Uztarria Komunikazio Taldea eta ahaleginak bere uztatxoa eman du beste behin.

Aurrera begirako erronkak

Etorkizunari begira, 2011. urtean liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraituko du Uztarria Komunikazio Taldeak eta dagoeneko Alex Silva kazetari azpeitiarra hasia da Enkarna Arregiri buruzko liburua prestatzen. Horrekin batera, uztarria.com web ataria berritzekotan da komunikazio taldea eta barne-lanak hasita daude dagoeneko. Duela zortzi urte sortu zuen Uztarriak interneteko ataria eta berritzeko garaia dela ikusten da. Ildo beretik, bizi dugun krisi garai honetan, finantziazio bide berriak lortzen jarraitzea izango da beste erronketako bat.

Bukatzeko, Uztarriako ateak guztiz irekita jarraitzen dutela aipatu zuten taldekoek batzarrean, eta edozein ekarpen, laguntza edota proposamen ongi-etorriak izango direla gogorarazi zuten.