ETA Loiolan sortu zela?

Enekoitz Esnaola (kazetaria) 2010ko abe. 18a, 17:12

Madrilen hitz eta pitz jarduten dute Euskal Herriko gatazkari buruz. Eta gaur elconfidencial.com webgunean Jose Antonio Zarzalejosek: "(...) ETA (Euskadi y Libertad) que se constituyó un malhadado 31 de julio de 1959 en el santuario de Loyola".

Loiolan sortu zela ETA?

Madrilen huts eta putz jarduten dute Euskal Herriko gatazkari buruz, eta han oinarri duten hedabideak jaten ditugu euskal herritar gehienok.

Makina bat dokumentu dago ETAren sorreraz. Azkeneko testigantza, Txillardegi ETAren sortzaileetakoak Gara-n duela hilabete emandako elkarrizketa:

Nola eta noiz sortu zen ETA izena? Nork sortu zuen?

Nik atera nuen. Euskaraz besteek baino nik gehiago nekielako. Hasieran pentsatu genuen Aberri Ta Askatasuna izena jartzea, baina siglek ATA ematen zuten eta Bizkaian ata (ahate) pato da... Ez zen egokia. Orduan, ATAren ordez, ETA bota nuen; hitzak konjuntzioaren esanahitik aparte ez zuen besterik. Izena erabakitzeko bilera Deban izan zen, 1958. urte bukaeran. Uste dut lau joan ginela: Benito del Valle, Julen Madariaga, Iñaki Larramendi eta laurok. Beno, urte asko pasa dira... Horrela izan zela uste dut. Julen Madariagak horrelako esaldi historiko bat esan zuen: "Pronto la sigla ETA será más conocida que la sigla EOKA" (Zipreko alde greziarraren alde borrokatzen zen erakundea garai hartan) eta, bai, arrazoia izan zuen...

Eta gogoratzen duzu izena publikoki plazaratu zen lehenengo aldia?

Leizaola zen orduan erbesteko Gobernuko buru eta neuk idatzi nion karta bat Parisera (1959an), esanez "hemendik aurrera gu Euskadi Ta Askatasuna gara, guri orain pakea eman; zuek organizazio bat zarete, gu beste bat eta elkar errespetatuz ea moldatzen garen". Ordura arte izan ziren urte batzuk negargarriak...

Hori uztailean izan zen, San Inazio egunean, eta lehenengo agerpen publikoa izateagatik historialari askok ETAren sorrera egun gisa hartzen dute...

Bai, uztailaren 31n; eta kasualitatea izan zen. Gero jesuitekin zerikusia zuela kontatu da. Ez, kasualitate hutsa izan zen.