Unai Frantzesena: "Izugarrizko ohorea da Sanagustineko lehenengo kontzertua guk ematea"

Uztarria.eus 2010ko abe. 17a, 16:12
Ze Esatek! taldekoak. Unai Frantzesena ezkerretik hasita aurrena da (IRUTXULOKO HITZA)

Ze Esatek! taldeak zapatu honetan Sanagustin kulturgunean joko du, 22:30ean hasita

Uztarriak Unai Frantzesena taldeko bateria jotzailearekin hitz egin du

Miren Azkarateren inguruko abestiarekin egin zen ezagun Ze Esatek! taldea. Orduz geroztik, ehundik gora kontzertu eman dituzte. Hamar lagunek osatzen dute taldea eta bertako bateria jolea da Unai Frantzesena azpeitiar musikaria.

Zapatu honetan, hilak 18, Ze Esatek! taldeak ireki berria den Sanagustin kulturgunean eskainiko du kontzertua, 22:30ean hasita, eta debalde izango da. Uztarriak Unai Frantzesenarekin hitz egin du larunbateko kontzertua aitzakia hartuta:

Sanagustineko lehenengo kontzertua zuek emango duzue. Ohorea al da?

Bai, izugarrizko ohorea da. Baina, aretoaren azpiegitura probatzeaz gain, arazorik baldin bada akatsak ere geuk probatuko ditugu lehenengo aldiz.

Sanagustin zer da zuretzat?

Azpeitiak behar duen azpiegitura da Sanagustin. Edozertarako balioko du. Balioanitza izango da eta herriko gabeziak beteko dituen aretoa dela uste dut. Gerora, Soreasu ere irekiko dute eta orduan, agian, azpiegitura gehiegi izango dugu. Zer nolako martxa hartzen duen ikusi beharko da.

Azpeitian lehen ere kontzertua emanda zaudete. Berriz jotzeko gogorik bai?

Jotzen dugun bigarren aldia izango da zapatukoa. Saninazioetan lagunak-eta elkartu ziren kontzertuan eta oso ondo joan zen. Zapatu honetan, berriz, gaztetxoak-eta joatea espero dut, nahiz eta publizitate gutxi egin zaion kontzertuari.

Zer nolako harrera izatea espero duzu?

Ona. Jendea parrandarako ideiarekin etortzea espero dut. Guk kontzertutan oso ondo pasatzen dugu eta publikoari hori trasmititzen saiatzen gara.

Lan askorekin al zabiltzate? Hau da, kontzertu asko ematen al dituzue?

Bai, lan askorekin gabiltza. Aurten 76 bat kontzertu eman ditugu eta Euskal Herrian emango dugun azkena izango da zapatukoa. Gero, Gabonetan, Kubara goaz kontzertuak ematera eta dokumental bat grabatzera. Disko honen birako azken kontzertua urtarrilaren 15ean egingo dugu Donostian, eta atsedena hartuko dugu segidan.