Corrugados berriro herrian kokatzearen alde dago Azpeitiko EAJ

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 6a, 16:12

Ezker abertzaleak, ohar bakoitzeko, EAJren zatiketa aipatzeko duen "fijazioa" aipatu du Azpeitiko EAJk

EAJren apustua, Corrugados Azpeitia herrian kokatu eta ezartzea dela diote, "lanpostu horiek gure herrian kontsolidatzearen alde gaude"

Azpeitiko EAJ kritiko azaldu da, joan den astelehenean ezker abertzaleak ateratako oharrean esandakoarekin. Besteak beste, alderdi jeltzaleak azpimarratu duenez, "Azpeitiko EAJ, aho batez, eta inolako fisurarik gabe, Corrugados Azpeitia enpresa orain dagoen lekutik atera eta Trukutxo aldean planta berri bat eraikitzearen alde dago". Azpeitiko EAJren apustua, enpresa hori berriro Azpeitian kokatu eta ezartzea dela diote, "lanpostu horiek gure herrian kontsolidatzearen alde gaude".

Horrez gain, gaur egun dauden lege-errekurtso ugariak "konpontzen saiatu beharra" nabarmendu du EAJk, "herriaren eguneroko bidean ez dadin eten eta geldialdirik gertatu". Galdera bat ere luzatu dio EAJk ezker abertzalekoei: "Bere buruari ezker ‘abertzale’ deritzon hori prest al dago arazo horiei erantzuna emateko? Edota beti erabili izan duen ‘zenbat eta okerrago, hobeto’ axiomaren bidetik joko al du?".

Ezker abertzaleari ohar bat ateratzen duen bakoitzeko EAJrekin sartu beharra egotzi diote: "Bere buruari ezker ‘abertzale’ deritzon horren fijazioa da inolako komunikaturik atera ezina Azpeitiko EAJren barruan dagoen zatiketari aipamenik egin gabe". EAJk dio, euren alderdiaren barruan ikuspegi desberdinak egon daitezkela arazo zehatz baten aurrean, "baina, demokratikoki eztabaidatu eta debate sakon eta lasai baten ondoren, erabaki bateratu eta bakarra hartzen da".

EAJk, "galdetzen hasita", ezker abertzaleari hainbat galdera egin diezaiokela diote, besteak beste: "Ea barne-adostasun osoa dagoen esku artean dituzten arazoen gainean, esaterako indarkeria politikoaren eta gaitzespenaren gainean; kale borrokaren ekintza eta ondorioen gainean", edota "zergatik ez zuen gaitzetsi gu guztion herrikide izan zen Inaxio Uriaren hilketa...". EAJren ustez, horien guztien gainean duten iritzia jakitea "interesgarria" izango litzateke. Eskaera bat ere egin diote gainera, "eskatu nahi diegu, gu geu beren eztabaidetan eta barne arazoetan sartzen ez garen moduan, beraiek ere besteen eguneroko zereginetan sartu nahi izateari utz diezaiotela". Alderdi bakoitzak bere "tenpo politikoak" dituela esan dute jeltzaleek, beraz "gai desberdinen gaineko iritziak berari ondo datorkionean, eta sen onak hala egiteko eskatzen dionean azalduko dizkie herritarrei".