Bertso Parrandako finalean izango da MAN taldea

Uztarria.eus 2010ko abe. 6a, 10:12
Ander Urbieta errimen ariketako une batean. (Izaro Zinkunegi)

MAN ikus-entzuleen botoari esker izango da finalean

Bigarren finalerdia datorren ostiralean, hilak 10, jokatuko dute HATXE eta AZPIJO taldeek, Azkoitiko Zurten

Ikus-entzuleek hala erabakita, Bertso Parranda 2010eko lehenengo finalista MAN (Aritz Etxeberria Ministro, Ander Urbieta eta Nekane Zinkunegi) taldea da. Joan den ostiralean, abenduak 3, jokatu zuten MAN eta JOARE taldeek lehenengo finalerdia, Errezilgo Letea jatetxean.

Datorren ostiralean, hilak 10, jokatuko dute bigarren finalerdia HATXE (Haritz, Txibilter eta Etxaniz) eta AZPIJO (Josu Azpillaga, Jokin Pio eta Joxin Iturriotz) taldeek. Azkoitiko Zurt tabernan izango da, 23:00etan hasita.

Finala gero eta gertuago

Azpeitiko Gaztetxean izango da Bertso Parrandako finala, abenduaren 30ean. MAN taldea eta datorren astean Zurten jokatuko den finalerdiko irabazlea izango dira oholtza gainean, 23:00etatik aurrera.