'Azpeitiko ahotsak' ekimenean parte hartu duten azpeitiarrei eskertza ekitaldia egin zieten ostiralean

Uztarria.eus 2010ko abe. 6a, 10:12
'Azpeitiko ahotsak' ekimenean parte hartu duten herritar batzuk.

Proiektuan parte hartu duten herritarrei grabazioak jasotzen dituen DVD bana eman zien Julian Eizmendik

Proiektua oraindik bukatu gabe dago; grabatu eta landutako materiala herritarrei erakustea falta da

Joan den ostiralean, udaletxeko areto nagusian egin zitzaien Azpeitiko ahotsak proiektuan parte hartu duten herritarrei eskertza ekitaldia .

Ekitaldiari hasiera Ana Mendizabal Udaleko Euskara Batzordeburuak eman zion. Azpeitiko ondarea jasotzeko egindako lana "oso garrantzitsua" dela esan zuen. Ahotsak taldeko teknikariak hitz egin zuen ondoren eta ekimen honekin, "Azpeitiko euskararen berezitasunak eta azpeitiarren aintzinako ohiturak-eta" jaso nahi izan dituztela adierazi zuen. Azkenik, bideoa jari aurretik, etxez-etxe eta baserriz-baserri ate joka eta elkarrizketak egiten ibili den Aitziberrek hartu zuen hitza. Garai bateko gauzak ezezagun bati kontatzeagatik "eskerrak eman" zizkien parte hartu duten azpeitiarrei.

Lan hau egiterakoan Azpeitiko 13 auzotako etxe eta baserrietan izan ziren elkarrizketak egiten eta grabazioez arduratu den teknikariaren esanetan, "Azpeitiko zenbait auzotako euskera eta Nuarbe eta Matxinbenta ingurukoa zeharo desberdinak dira".

.70 urtetik gorako 67 herritarrek hartu duten proiektua amaitu gabe dago oraindik, baina orain arte egindakoa erakutsi nahi izan zuten atzoko ekitaldian eta bideotxo bat jarri zuten.

Grabazioetan euren bizipenak kontatuz parte hartu duten batzuk bertan izan ziren eta Julian Eizmendi alkateak grabazioak jasotzen dituen DVD bana eman zien. Beste batzuk, berriz, ezin izan zuten joan, baina hauei DVD emateaz Udala arduratuko dela jakinarazi zuten.

Proiektua bigarren fasean

Ahotsak taldeko teknikariak jakinarazi duenez, "hiru fase ditu proiektuak": Grabatzea, grabatutakoa lantzea eta material hori herriari erakustea. Momentu honetan, bigarren fasean dago proiektua, baina aurrerago aurkeztuko dituzte grabazioak jendaurrean.