Etxepeetan igogailua jartzeko udal araudia onartu du Udalbatzak, besteak beste

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 3a, 19:12

Atzo, abenduak 2, egin zuten ohiko udalbatzarra eta gai denak aho batez onartu zituzten

"Irisgarritasuna bermatzeko" asmoarekin egin dute igogailuari buruzko udal araudia

Ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, abenduak 2, eta bertan hainbat gai landu zuten, eta guztiak, azkenengo udalbatzar gehienetan ohi bezala, aho batez onartu zituzten. Etxepeetan igogailua jartzeko udal araudia behin-behinekoz onartu dute. Orain hilabetez jendaurrean egongo da, eta ondoren behin betiko onartu beharko du Udalbatzak. Julian Eizmendi alkateak adierazi duenez, EAEko 2006ko Hirigintza eta Lur Zoruko legeak esaten duenean oinarrituta egin dute araudia. "Herrian etxepean igogailua ipini nahi, baina lur edo lokal pribatuak ukitzen dituzteneko kasu bat edo beste bada. Orduan bi aukera daude: etxepekoak lur edo lokalaren jabearekin ados jartzea, edo judizializatu egiten da eta luze jotzen du kontuak", esan du alkateak. Horrelako kasuak konpontzeko aukera Udalak izateko sortu dute araudia. "Araudiaren helburua, konponbiderik ez dagoen kasuetan Udalak esku hartzeko aukera izatea da". Kasu horretan, udalak bi aldeekin hitz egingo luke eta lurraren edo lokalaren jabetza kentzeko aukera izango du, "beti ere etxepean bizi direnen irisgarritasuna bermatzeko". Etxepeetan igogailuak jartzearen inguruko udal araudia aho batez onartu zuten, EAJk, hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek.

Udal Kirol Patronatuko kreditu aldaketa

Udalbatzak onartutako beste kontu bat Udal Kirol Patronatuko kreditu aldaketa izan da. Alkatearen esanetan, 22.100 euro gehitu dira, diru gerakinetik: erregaietan aurreikusi baino 4.000 euro gehiago gastatu direlako; uraren gastua ere 7.100 euro gehitu delako; eta, kiroldegian-eta egin diren lan batzuetarako lehen 50.000 euro aurreikusita zituelako Udalak eta orain 10.000 euro gehiago jarriko dituztelako. Kreditu aldaketarekin ados azaldu ziren alde guztiak.

Finantza erakundeekin euskaraz

Aurrezki kutxekin hartu-emana euskaraz izateko konpromisoa zabaltzea erabaki du Azpeitiko Udalak, UEMAk proposatuta. Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak prentsaurrekoan adierazi zuenez, finantza erakundeek udalarekin harremanak euskaraz izatea da asmoa, baina herritarrekin ere hala izatea da hitzarmena zabaltzearen helburua. Horretarako prest azaldu diren bi finantza erakundeak Kutxa eta Euskadiko Kutxa bakarrik izan direla ere azaldu du Mendizabalek. Hitzarmena hil honen 18an sinatuko dute.

Saharari elkartasuna azaltzeko adierazpena

Maiatzean eta ekainean alkateak emandako ebazpenen berri eman ondoren, mozioen txanda izan zen udalbatzarrean. Mozio bezala, alkateak Saharari buruzko adierazpen instituzionala onartzea proposatu zuen. Adierazpena onartu egin zuten alde guztiek; baina hautetsi independentistek, EAkoek eta Aralarrekoak "bai kritikoa" eman zuten. Iñaki Errazkin hautetsi independentistak azaldu zuenez, "adierazpena hainbat zentzutan epela da". EAko Manuel Unanuek azaldu zuenez, berriz, "erabaki den tokian erabaki da adierazpena eta han Azpeitiko Udalean ordezkaritza duten alde guztiak ez daude ordezkatuta". Besteak beste, mozioaren arabera, Azpeitiko Udalbatzak Marokoko Gobernuak saharar populazioaren aurka egindako indarkeria-ekintzak kondenatu ditu, eta elkartasuna eta babesa adierazi die sahararrei. Horrez gain, saharar zibilen hilketa ere kondenatu du.

EAJkoei galdezka

Galdera eta erreguen tartean, Iñaki Errazkin hautetsi independentistak hitza hartu, eta galdera egin zion Julian Eizmendiri: "Azken udalbatzar guztietan ia erabaki denak aho batez onartu ditugu, gaurko [atzoko] udalbatzarra da horren adibide bat. Baina EAJkook kaleratzen dituzuen komunikazioetan bloke instituzionala dagoela diozue, zertan oinarritzen zarete hori esateko? Guri iruditzen zaigu ez dela hori Azpeitiko udaletxean ematen den egoera". Julian Eizmendik erantzun zion Errazkini, esanez: "Egoera modu desberdinetara ulertzen da, eta guk, EAJko udal taldeak, ez dut uste hori kaleratu dugunik. Gure taldeak ez du ezer esan".