Inazio Uria gogoan izan dute, ETAk hura hil zuen bigarren urteurrenean

Uztarria.eus 2010ko abe. 3a, 16:12
Senideak, herritarrak eta erakunde instituzionaletako kide ugari gaur Loiolan, ETAk Inazio Uria hil zuen lekuan.

.300 lagunetik gora izan dira Loiolako elkarretaratzean

Uria Aramendi sendiak jakinarazi duenez, "hiltzaileentzat barkamenik ez" dute

Gaur, abenduak 3, bete dira bi urte ETAk Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetakoa Loiolan hil zuela. Hori dela-eta, 300 lagunetik gora izan dira Uria sendiak Loiolan deitutako elkarretaratzean.

Uria zenaren sendiaz gain, erakunde instituzionaletako kideak ere Loiolan izan dira. Besteak beste, Azpeitiko Udaleko EAJ, EA eta Aralarreko hautetsiak, Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Joseba Egibar EAJko GBBko lehendakaria, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburua, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, IƱaki Arriola Jaurlaritzako Garraio sailburua, Aralarreko Gipuzkoako koordinatzaile Oxel Erostarbe eta Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidea. Gainera, Isaias Carrascoren senideak ere han izan dira. ETAk Uria hil zuen urte bereko martxoaren 7an hil zuten Carrasco PSE-EE zinegotzi ohia ere Arrasaten.

"Sufrimenduaren kartzelan"

Uria Aramendi sendiak ohar baten bidez esan duenez, "hiltzaileentzat barkamenik ez" dute. "Kartzelan nahi ditugu betirako, gu ere sufrimenduaren kartzelan baikaude duela bi urtetik". "ETAri, bere konplizeei eta terroristen alde dagoen orori" euren "mesprezu eta gorrotoa" adierazi diete. "Esker ona" agertu diete, "une gogor hauetan" sendiaren ondoan daudenei eta gaur Loiolara joan direnei.