'Azpeitiko ahotsak' ekimena aurkeztuko dute ostiral honetan

Uztarria.eus 2010ko abe. 1a, 13:12

Azpeitiko ahozko ondarean jasotzeko elkarrizketatu zituzten pertsonei eskertza ekitaldia egingo zaie ostiralean

Udaletxeko areto nagusian egingo dute aurkezpena eta eskertza ekitaldia, 18:00etan hasita

Duela bi urte inguru hasi zen Badihardugu Euskara Elkartea herriko jende nagusia elkarrizketatzen eta bideoz grabatzen. Euskal Herriko hainbat herritako euskalkiak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zuten Ahotsak proiektua.

Azpeitiko ahozkotasuna ere grabatu dute, eta Azpeitiko euskal ondarea jasota gelditu da horrenbestez. Herriko hainbat auzotan egin dituzte elkarrizketak eta, guztira, 70 urtetik gorako 67 herritarren pasarteak jaso dituzte.

Hori dela-eta, Azpeitiko Udalak 67 herritarrei eskertza ekitaldia egingo die ostiral honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan hasita. Parte hartu duten herritarrak omentzeaz gain, Azpeitiko ahotsak ekimena aurkeztuko dute jendaurrean.

Parte hartu duten herritarren zerrenda eta horien grabazioak ikusteko egin klik hemen .