Inazio Uria gogoratzeko elkarretaratzea izango da ostiralean, hilketaren bigarren urteurrenean

Uztarria.eus 2010ko aza. 27a, 11:11

Sendiak deituta, bilkura isila egingo dute Loiolan, 13:00etatik aurrera

ETAk hil zuen enpresaburua, tiroz

Datorren ostiralean —abenduaren 3an— beteko dira bi urte ETAk Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetakoa Loiolan hil zuela, eta Uria sendiak hura gogoratzeko elkarretaratzea deitu hilketa izan zeneko egunerako. Bilkura isila izango da, 13:00etan hasita, Loiolan, atentatuaren tokian —Kiruri jatetxearen ondoan—.

Iazko abenduaren 3ra artean —lehen urteurrena bete artean-, Uria familiak hilero antolatu zuen han elkarretaratzea; hileko hirugarren egunez beti. Ostiraleko ekimenera azaltzeko dei zabala egin du.

ETAk tiroz hil zuen Inazio Uria. 71 urte zituen honek. Erakunde armatuak 2009ko urtarrilaren 21ean hartu zuen bere gain atentatua.