‘Klik’ egitera gonbidatuz dator Azpeitiko Kilometroak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2010ko aza. 26a, 17:11
Aurkezpeneko une bat. (Nerea Uranga)

.2011ko Azpeitiko Kilometroetako leloa eta logoa aurkeztu ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak, gaur, Donostian

Gaur, 20:30ean, egingo dute aurkezpen ekitaldia Azpeitian, Izarraitzen

'Klik’ da datorren urteko Azpeitiko Kilometroak festaren leloa. "Ikastolen mugimenduak beste urrats bat eman dezan laguntzea eta bidebatez geure ikastola sendotzea da Kilometroak 2011ren helburu nagusia", esan du Kilometroak 2011ren aurkezpenean Aitor Unanuek, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lehendakariak. "Mugimendu moduan dauzkagun ezaugarriak erakusteko eta indartzeko balio behar digu urtean zehar egiten dugun lanak", gaineratu du eta Azpeitiko Ikastolaren ezaugarri nagusiak, "euskal izaera, erabakitzeko ahalmena, titularitatea, parte-hartzailea, pedagogia berrien sustatzailea eta abar luze bat" direla nabarmendu du. Helburuak aurrera eramateko talde lanean eta elkarlanean oinarritu beharra dagoela azpimarratu du, "ezinbestekoa zaigu parte-hartzea eta elkarlana bultzatzeko modu berriak eta gaurkotuak martxan jartzea. Gutako bakoitzaren inplikazioak ahalbideratu dezake beharrezkoa dugun talde lana".

Aitor Unanuerekin batera, Beñat Azurmendi zuzendaria, Roman Azkue 2011ko Kilometroetako koordinatzailea, Igor Elortza Kilometroetako koordinatzailea eta Arantxa Manterola Ikastolen Elkarteko Gipuzkoako ordezkaria agertu dira prentsaren aurrean.

Toki faltari aurrea hartuz

Kilometroetan lortutako dirua gaur egungo eta etorkizuneko proiektuak bermatzeko erabiliko dute, horien artean haur ikastola berria. Urte gutxian leku faltan izango da ikastolan, eta horrek proiektu aitzindari hau lantzera bultzatu ditu Azpeitiko Ikastolako arduradunak. Unanuek azaldu duenez: "Ikastolara lehen aldiz hurbilduko den haurraren beharretara egokituko den haur ikastola, lekua bera haurrari egokituz. Proiektua bera aitzindaria da, berrikuntza ugari dakartzana, bai espazioaren egituraketan eta baita bertako elementuetan ere".

Datorren urteko Kilometroetako logoari dagokionez, aktibazioa eta mugimendua adierazten duen triangelua aukeratu dute (gailu elektroniko, bideo edota internet pizteko erabiltzen dugun ikurraren estetikatik hartutakoa). "Sinplea da, ulerterraza eta edukiz beterikoa. Zerbait azkartzeko edo abian jartzeko erabiltzen den triangelua da, hertz kurbatu baten gainean kokatua", azaldu dute aurkezpenean. "Aniztasunaren seinale, kolore jokuak" sortzen dituela ere esan dute.

Azpeitian egingo den hirugarren Kilometroak izango da datorren urtekoa. 1979an ospatu ziren aurrenekoz Kilomeroak Azpeitian, eta bigarrengoz 2000n. 2011ko Kilometroak Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatuko duen bigarren Kilometroak izango da.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba 1995-96 ikasturtean sortu zuten, Eusko Jaurlaritzak ikastolei administrazioaren eskola publiko izateko eginiko eskaintzari uko egin ziotenean bailarako hainbat gurasok. Gaur egun 450 ikasle ditu ikastolak, eta haur hezkuntzatik batxilergora arteko mailak eskaintzen dira.

Aurkezpen jaia eta denda Azpeitian

Gaur iluntzean herrian bertan egingo da Kilometroen aurkezpen jaia. 20:30etik aurrera, sorpresaz beteriko ekitaldi batean Kilometroen leloa, logoa eta arropa aurkeztuko dituzte herritarren aurrean, Izarraizpe pilotalekuan. Besteak beste, ikastolako gurasoak, ikasleak eta irakasleak izango dira desfileko protagonista. Gero, 21:00etan herri afaria antolatu dute Azoka Plazan. Janaria norberak eraman beharko du, kafea eta postrea bertan emango dira, eta taberna zerbitzua ere egongo da.

Bihar larunbata Kilometroak 2011ren arropa denda zabalduko dute Azpeitian, Foru Ibilbidea kalean, Artzubia tabernaren ondoko lokal batean. Dendaren ordutegia hauxe izango da: astelehenetan 16:30etik 20:00etara, eta asteartetik larunbatera goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara.