2011ko Kilometroen aurkezpen ekitaldia ordubete atzeratu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 25a, 19:11

Bihar (ostirala) da; baina, arratsaldeko zazpi eta erdietan izan beharrean zortzi eta erdietan izango da, Izarraitz pilotalekuan

Ikastolako guraso bat hil da, eta bihar arratsaldean haren aldeko hileta elizkizuna da; horregatik atzeratu dute ekitaldia

Kilometroetako logotipoa eta leloa aurkeztuko dituzte ekitaldian, baita arropa aukera ere

2011ko Kilometroetako logotipoa eta leloa aurkezteko ekitaldia ordubetez atzeratzea erabaki du Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak. Ikastolako guraso bat hil da eta haren aldeko hileta elizkizuna bihar arratsaldean da. Horregatik, biharko (ostirala) Kilometroetako ekitaldia, 19:30ean izan beharrean 20:30ean izango da, Izarraitz pilotalekuan.

Ekitaldian 2011ko Kilometroetako logoa eta leloa aurkezteaz gainera, Kilometroetako arropa aukeraren desfilea ere izango da pilotalekuan, eta baita beste hainbat sorpresa ere. Sarrera doan da, eta herritar guztientzako frontoiko ateak zabalik izango dira. Ekitaldia ordubete ingurukoa izango da.

Gero, azoka plazan herri afaria antolatu dute, 21:00etatik aurrera. Jatekoa norberak eraman beharko du eta bertan edaria, postrea eta kafea hartzeko aukera eskainiko dute. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak bai herritarrak eta baita bailarako jendea ere bertan parte hartzera animatu ditu.

Larunbatetik arropa denda zabalik Larunbatetik aurrera, berriz, 2011ko Kilometroetako arropa denda zabalduko dute Azpeitian. Denda Foru Ibilbidean egongo da, Artzubia tabernaren ondoko lokal batean. Astelehenetan, 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik eta asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.