37 egun greban pasatu ondoren, lanean hasi dira Corrugados Lasaoko langileak

Uztarria.eus 2010ko urr. 29a, 13:10

Langileek atzo egin zuten batzarrean hartu zuten lanean hasteko erabakia; protestaldiekin joan den abuztuan hasi ziren

Bi urterako adostasuna lortu dute zuzendaritzarekin; 56 ordu gehiago lan egin beharrik ez dute izango

Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Lasao enpresako langileek 37 egun greban pasatu ondoren atzo, osteguna, lanean hastea erabaki zuten. Langileek batzarrean bozketa egin, eta lanean hasteko erabakia hartu zuten. Bi urterako adostasuna lortu dute zuzendaritzarekin, eta ez dute enpresak hasieran jarritako baldintza bete beharko; 56 ordu gehiago lan egin beharrik ez dute izango.

Protestaldiak abuztuan hasi zituzten, ordubeteko lanuzteak eginez. Izan ere, lan hitzarmena 2008an amaitu zitzaien langileei, eta hitzarmena negoziatzea eskatzen diote langileek zuzendaritzari . Zuzendaritzaren jarrera ikusita, duela bi hilabete inguru lau orduko lanuzteak egin zituzten. Irailaren 22az geroztik, greba mugagabean egon dira enpresako langile guztiak eta, guztira, 37 egun egin dituzte greban.