Diputazioaren Kudeaketa Planaren berri eman du Maria Jesus Aranburuk Azpeitian

Uztarria.eus 2010ko urr. 21a, 14:10
Maria Jesus Aranburu azalpenak ematen atzo, Sindikatu Zaharrean elkartutakoen aurrean.

Herriko hainbat elkarte, talde eta erakundetako ordezkariak gonbidatu zituzten bilerara

Kezkarik handiena sortu zuen gaia errepide sarearena izan zen

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamenduko diputatu Maria Jesus Aranburu Azpeitian izan zen atzo, urriak 21. Gipuzkoa Eraikitzen egitasmoaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak herriz herri ari dira Diputazioak azken hiru urteetan landutako Kudeaketa Planaren berri emanez, eta atzokoan Azpeitiaren txanda izan zen.

Herriko hainbat elkarte, talde eta erakundetako ordezkariak gonbidatu zituzten bilerara eta hemeretzi lagun elkartu ziren azkenean Sindikatu Zaharrean. Kezkarik handiena sortu zuen gaia errepide sarearena izan zen. Ekitaldira gerturatutako herritar baten iritziz, "bailaran egiten diren inbertsioak hutsaren parekoak dira. Elgoibarrek, Zumarragak, Tolosak eta Zarautzek osatzen duten sarearen erdian gaude gu, Gipuzkoako errepide sare nagusietara gerturatzeko loturarik gabe". Era berean, garraio publikoaren zerbitzua indartzeko eta areagotzeko dagoen beharra azpimarratu zuen.

Maria Jesus Aranburuk bailara N1 errepidearekin lotzeko aurre-proiektua martxan dela erantzun zion. "Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidea egingo da eta, hori amaituta, Zumarragarekin lotura gauzatuko da. Lan horiek noiz exekutatuko diren ezin dizuet argitu, baina aurreratu dezaket proiektu hori gauzatzeko 2011ko aurrekontuetan diru partida bat bideratu dela".

Garraio publikoaren harira, "azpeitiarron beharrak ez dituela asetzen" onartu zuen Kultura eta Euskara diputatuak. Lurraldebus zerbitzua kudeatzen duen enpresari emakida abenduan amaitzen zaiola jakinarazi zuen eta enpresa berriak bete beharko dituen baldintzen artean "Azkoitia-Azpeitia lotura hobetzea, Donostiara eta Elgoibarrera gerturatzeko erraztasunak ematea, ordutegia areagotzea edota inguruko herri txikietako biztanleei zerbitzua hobetzea" daudela nabarmendu zuen.

Gipuzkoa Eraikitzen izeneko ekimena Aldundiaren kudeaketa herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko helburuarekin sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Joan den uztailaren 2an onartu zen Gizarte Parte-Hartzeko Foru Arauaren lehenego ekimena da Gipuzkoa Eraikitzen. Gipuzkoako diputatuak nahiz foru zuzendariak lurraldeko udalerrietako talde eta herritarrekin bilduko dira otsaila bitartean, herritarrei kudeaketa planaren exekuzioa eta emaitzak helarazteko eta haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko.