Ane Bastida: "Harrituta gelditu nintzen Lauroba taldekoek proba egiteko deitu zidatenean"

Uztarria.eus 2010ko urr. 14a, 13:10
Ane Bastida Lauroba taldeko baxu jotzailea da. (Ainara Garcia)

Lauroba taldeko baxu jotzailea da Bastida

Duela hiru hilabete inguru hasi zen entseatzen, eta kontzertuetan dabil dagoeneko

Ane Bastida (Azpeitia, 1987) Lauroba musika taldeko baxu jotzailea da duela hilabete batzutatik. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du:

Lehen ere talde batean ibilitakoa zara, Eztake-n hain zuzen.

Bai. Eztake taldean jotzen nuen lehen, baina orain utzita gaude. Joan den urtean taldekide batzuk Erasmus bekarekin atzerrira joan ziren, eta utzi egin genuen. Hala ere, hango taldekideok Elektrotxaranga sortu dugu, eta hasi gara lanean, dagoeneko.

Noiz hasi zinen Lauroba taldean?

Duela hiru hilabete edo hasi nintzen etseguetan, baina lehenengo kontzertua duela bi hilabete inguru izan zen.

Nolatan zaude Lauroba taldean?

Proba egingo al nuen galdezka deitu zidaten Lauroba taldekoek. Proba egin eta hartu egin ninduten, eta hor nabil orain.

Nola hartu zenuen proposamena?

Harrituta gelditu nintzen Lauroba taldekoek proba egiteko deitu zidatenean. Probara ez joatea ere pentsatu nuen, desastre egingo nuen beldurrez. Baina anaiak joateko esaten zidan, eta azkenean joan egin nintzen.

Kontzertu asko eman al dituzu hasi zarenetik? Zenbat?

Orain bira egiten ari gara Euskal Herrian. Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroan jo dugu, eta oraingoz ondo doa. Guztira, oker ez banago, zazpi kontzertutan izan naiz.

Zein kontzertu izan da zuretzat onena?

Zapatu honetan Iruñeako Singular tabernan eman genuena iruditzen zait onena. Lasaien egon naizen kontzertua izan da. Jende ezezaguna zegoen entzuten, eta lasai sentitu nintzen.

Jende asko joaten al da kontzertuetara?

Denetik dago, baina Nafarroako kontzertuetan jende gutxi izan zen. Zumaian, berriz, jende asko zegoen hasieran. Gu hirugarren taldea ginen eta gu hasterako jende askok alde egin zuen.

Gustora al zaude taldean? Giro ona al dago taldekideon artean?

Bai, oso gustura nago. Asko erakusten didate taldekideek, neure kasa ikasi baitut baxua jotzen. Giroa ere oso ona da.

Asko kostatu al zaizu abestiak ikastea?

Ondo moldatu naiz ikasterakoan, baina buruz ikastea izan da zailena.

Musikaz aparte, ikasten ari al zara? Nola uztartzen dira entseguak eta ikasketak?

Lanean ari naiz. Erizaina naiz, eta entseguekin ondo moldatzen naiz oraingoz. Lana baldin badut, entseguak orduz edo egunez aldatzen ditugu.

Musikatik bizitzea gustatuko al litzaizuke?

Berez, bai. Baina oso zaila da. Hala ere, ez litzakete batere gaizki egongo.