Udalbiltzaren lana "zilegi" zela esan dute polizia perituek

Berria.info, uztarria.com 2010ko ira. 30a, 22:09

Polizia perituak aitortu du Udalbiltza-Kursal ez dela existitzen, Poliziaren asmakizuna dela

Bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etatik aurrera

Gaur hasi da berriro Udalbiltzaren aurkako epaiketa Madrilen dagoen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Adituen txanda izan da gaur, eta saioa 10:00etan hastekoak baldin baziren ere, ordu eta erdi atzeratu da.

Goizeko saioan, akusazioaren azken lekuko bezala Espainiako bi polizia zeuden deituta: bat ez da azaldu eta bestea bideokonferentziaz mintzatu da, oso labur. Honek adierazi du EHNArekin lotutako dokumenturik antzeman zutenik ez dela gogoratzen. Ondorioz, akusazioaren beste lekukoen antzera aritu dira.

Udalbiltza Euskal Herriko udal erakundea 1999ko irailaren 18an sortu zuten EAJ, EH, EA eta ABko hautetsiek, baita udal ordezkari independenteek ere. Jendaurreko ekitaldia egin zuten Bilbon, Euskalduna Jauregian.

ETAk 1999ko abenduan su-etena hautsi ondoren (1998ko irailetik zegoen su-etenean), Udalbiltzan EAJ eta EAko hautetsiek alde batetik ekin zioten eta, ondorioz, EHkoek eta independente batzuek beste alde batetik. Orduan atera zen 'Udalbiltza-Kursaal'-en izena, eta hori ETArekin lotzen saiatu izan dira harrezkero Polizia eta Auzitegi Nazionala. Polizia perituak gaur aitortu du, ordea, Udalbiltza-Kursaal izena ez dela existitzen, Poliziaren asmakizuna dela. Udalbiltzako auzipetuek beti esan izan dute -epaiketan bertan, kasu-izen hori ez dela existitzen.

Polizia perituak eman du izenburua lau eta erdiak pasa zirela: Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde egindako lana "uneoro publikoa eta zilegi" zela esan du, eta ezin dutela frogatutzat jo ETA eta Udalbiltzaren artean lotura zuzena zegoenik. Gaineratu du ez daukatela ETAk Udalbiltzako inori agindurik eman zion frogarik.

Gaurko saioa amaituta, bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etatik aurrera.

2003an egin zuten polizia operazioa, Udalbiltzak ETArekin harremana zuelakoan. Fiskaltzak eta Dignidad y Justiciak horregatik kartzela zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat. Auzipetuen artean daude Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra.

Elkartasun ekitaldiak

Urola Kostako Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari babes taldeek Udalbiltzaren aldeko jaia egingo dute Getarian, larunbatean. Euskal Herriko gainontzeko herrietan elkarretaratzean egingo dituzte udaletxe aurreetan.

Bide beretik, nazio mailako manifestazioa deitu dute Bilbon. 19:30ean izango da, Arriaga aurretik irtenda, Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari, Udalbiltza aske! lelopean.

Ikusi aurretik ateratako albisteak

Hiru udal idazkarik diote Udalbiltza Partzuergoa sortzeko proposamena eurek egin zutela, ez ETAk

Poliziek gaur ere ez dute Udalbiltzako auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu

Gaur hasi da Udalbiltzaren aurkako epaiketa udako etenaren ondoren

Poliziek ez dute Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu

Auzitegi Nazionalak Xarlo Etxezaharreta Espainiaren esku uzteko eskatu du

Miren Odriozola: 'Frogarik ez daukate, ez dagoelako'

Miren Odriozola: 'Babes handia jasotzen ari gara eta auzipetuok gustura gaude'

Udalbiltza auzia salatzeko elkarretaratzea egin dute plazan

Azpeitiko Udalak Udalbiltzaren kontrako auzibidea irmoki salatu du

Poliziek gaur ere ez dute Udalbiltzaren aurkako frogarik aurkeztu