Erdi Aroko eta stock azoken emaitzarekin gustura gelditu dira antolatzaileak

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 28a, 10:09
Herenegun Erdi Aroko azokan ikuskizuna eskaini zuten albergean. (Nerea Uranga)

Nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu, larunbatean saldu zen gehien bi azoketako postuetan

Stock azokarako azoka plaza "txiki" gelditu zaiela azaldu dute herriko merkatariek

Pasa den asteburuan Erdi Aroko azoka eta herriko merkatarien stock azoka izan dira. Antolatzaile guztiak "gustura" gelditu dira bi ekimenek izandako emaitzekin; hala esan dute udaletxeko arduradunek eta Azpeitiko Bertan Merkatari Elkartekoek. Biak ere bat etorri dira azoketan jende gehien larunbatean ibili dela esaterakoan. Bertan Merkatari Elkarteko 30 dendarik jarri dute asteburuan salmenta postua azoka plazaren barruan. Azoka hasi aurretik "beldur pixka bat" zeukaten dendariek, azoka hil bukaeran egokitu delako. Baina salmenta aldetik gustura gelditu dira. Hala, balantzea "oso positiboa" izan dela azaldu dute. Larunbatean jende asko ibili zen egun osoan stock azokan, eta igandea lasaiagoa izan zen.

Stock azokarako azoka plaza txiki gelditu zaiela ere azaldu dute herriko merkatariek: "Urtetik urtera gero eta dendari gehiago animatzen da salmenta postua jartzera eta tokia txiki gelditu zaigu. Datorren urterako aurrez pentsatzen hasi beharra daukagu".

Bertan Merkatari Elkartekoen hurrengo ekimena Garagardo Azoka izango da. Urriko bigarren asteburuan izango da Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatuta. Antolakuntzan Bertan-ek hartuko du parte.

Erdi Aroko azokaren baitan alde zaharrean hainbat postu egon da jarrita larunbatean eta igandean. Batzuk salmenta postuak izan dira, baina beste batzuk erakusketa bezala jarri dituzte, esku lanak erakutsiz edo tailer modura antolatuta.

Postu horietako batzuetan herriko jendea egon da, eta gustura daude izandako emaitzarekin. Larunbatean nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu jende asko ibili zela esan dute, eta esku lanekin egon direnak hurrengoan salmenat postua jartzeko aukera aztertzen ere ari dira. Hauek ere igandea lasaiagoa izan dela azaldu dute.