Ezker abertzalearen ustez, Plan Orokor berria "azkar" egin beharra dago

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 26a, 12:07

Arau Osagarriak baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Epai horren gaineko balorazioa egin du ezker abertzaleak

2007ko apirilean egindako herriko Plan Orokorraren gaineko Arau Ordezkatzaileak baliogabetu egin ditu Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, txosten ekonomiko- finantzieroa falta dutelako. Epai horrek ezker abertzaleak "behin eta berriro" esan duena "berretsi" duela esan dute hautetsi indepentistek. "Aurreikuspena bete da eta arauak baliogabe utzi ditu epaitegiak", nabarmendu dute ezker abertzaleko hautetsiek. Beraz, kontuak horrela, Plan Orokor berria "azkar" egin beharra dagoela adierazi dute: «Orain dela gutxi esan genuen moduan, Udalean makal doa Plan Orokorraren gaineko eztabaida".

Udalean iazko uztailean erabaki zen herriko Plan Orokor berria egitea; hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarrekoaren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. "Plan berria egitea erabaki zen, dugun egoera juridiko zoro hau gainditzeko", esan dute ezker abertzalekoek. "Hasieratik bukaeraraino eta ikerketa ekonomiko finantziero eta guzti, arauak berriro egitea erabaki genuen, eta eskerrak hori egitea onartu zuela Udalak", gaineratu dute. Plan berria egitea erabaki ez balute, gaur egun Udala segurtasunik gabeko egoeran legokeela esan dute.

Arazo larriak saihesteko, presa

"Baina Plan Orokorra egiteak presa du, eta hori ez da gure kapritxoa, hori arazo larri baten aurrean erantzunkizunez jokatzea baita", diote.

Arauak baliogabetzearen aurrean Udalak kasazio errekurtsoa jarriko du; hala erabaki zuen herenegungo udalbatzarrean. "Errekurtso hori tramitatzea onartuko balu Auzitegi Gorenak hiru bat urte irabaziko lituzke Udalak, epaia irmoa izan arte hura ez delako indarrean egongo. Baina posible da Auzitegi Gorenak Udalaren helegitea ez onartzea. Orduan, baliogabetuta geldituko lirateke arauak, eta kasu horretan Udalak lege aldetik eta ekonomikoki arazo larriak izan litzake", azaldu dute.

Erabakiak "burujabe" izanda

Arau Ordezkatzaileak epaitegietara Leku Eder promotorak eraman ditu, "bereak dituen Izarraizpe eremuko lurretan etxebizitzak eraikitzeko aukerarik ez zaiolako eman".

Arazo horren aurrean, "Azpeitiko EAJkoek eta EAkoek beste bide bat jorratzea erabaki dute eta Leku Ederrekin negoziatzen ari dira", kritikatu du ezker abertzaleak. Haien ustez, Izarraizpeko eremua ekipamendurako izatetik etxebizitzarako izatera aldatu beharrik ez dago. "Auzitegiak berak epaian dioen moduan, Corrugados Azpeitia labea tokiz aldatzen denean Udalak aukera berriak izango ditu, eta askatasuna izango gu herria norantz eta zenbat hazi erabakitzeko", diote. Ezker abertzalekoen ustez, Udalak "burujabe" izanda hartu behar ditu erabakiak.