San Inazioren erretratua

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 27a, 13:06

Loiolako San Inaziori buruzko argazki lehiaketako lehenengo saria eskuratu du Iñaki Etxenagusiak

Bigarren saritua Juan Mari Ibarzabal azpeitiarra izan da

Iñaki Etxenagusia azpeitiarraren Xoxoteko Inazio Deuna izeneko lanak irabazi du Loiolako Inazio Argazki Lehiaketa eta, ondorioz, beraretzat izango da bi lagunentzako Erromarako (Italia) bidaia. Ekimena Loiolako Santutegiak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu du, santua Azpeitiko patroi izendatu zutela 400 urte betetzen direla kontuan hartuta, eta Irudietan jorratu beharreko gaia Loiolako San Inazio bera zen. Etxenagusiak Xoxoteko gailurrean dagoen santuaren estatuari atera dio argazkia, hodei potoloz inguratua eta bertaratzen ari den jende multzoa ikus daitekeela.

Bigarren saritua Juan Mari Ibarzabal azpeitiarra izan da, Azpeitiko kalean argazkiarekin, eta hark ere bidaia lortuko du, baina Parisera (Frantzia). Bi bidaia horiez gain, beste hiru lan aukeratu ditu epaimahaiak, aipamen berezi gisa: Juan Carlos Pozoren Elurra, Jexux Artolaren Prozesioa eta Miguel Angel Iriarteren Loiola. Hirurak azpeitiarrak dira eta hirurek Loiolako Santutegia argazki liburua jasoko dute.

Epaimahaia Javier Carballok, Javier Beristainek eta Jose Maria Etxeberriak osatu dute. Hirukotea joan den ekainaren 6an elkartu zen Azpeitiko Argazkilari Elkartearen egoitzan aurkeztutako lanak baloratzeko eta behin betiko erabakia hartzeko.

Erakusketa argazki onenekin

Argazki Elkarteak, era berean, argazki lehiaketara aurkeztu dituzten 40 argazki onenekin erakusketa bat zabalduko du datorren uztailaren 12an, Betharrametako erakusketa aretoan. Egun horretan bertan, gainera, lehiaketako sariak banatuko dituzte antolatzaileek. Aipatu argazkiak uztailaren 23a bitartean egongo dira ikusgai.