Azpeitiko saihesbideak Landetako bi biribilguneren artean irteera bat izango du

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 30a, 12:06

Irteera hori eraikitzeko eskaera Udalak eta Landetako hainbat jardueren jabeek egindakoa da

Saihesbidearen bi biribilguneen artean sarrera-irteera egiteko eskatu zuten

Azpeitiko saihesbidearen lehen fasea eraikitzen ari dira gaur egun Landetako biribilgunearen eta Zapatariren bitartean. Eraikuntza lan horren baitan, Landetako biribilgunearen eta Zabaletxeko biribilgune berriaren artean (Citroen eta Inox inguruan) sarrera-irteera bat egiteko eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepidetako Zuzendaritzari Azpeitiko Udalak eta Landeta eremuko hainbat jardueren jabeek.

Azpeitiko Udaletik azaldu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundira egin zuten eskaerak erantzuna izan du: Landetako toki horretan sarrera-irteera izango dela jakinarazi dute.

Bestela, itzuli handiagoa

Saihesbidearen bi biribilguneen artean sarrera-irteera egiteko eskatu zuten: "Bestela, Citroen edo Inox dauden inguru horretara joan behar dutenek Landetatik sartu behar dute, itzuli handiagoa eginez".

Behin-behineko ebazpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Zuzendaritzaren ebazpena "behin-behinekoa" dela zehaztu du Udalak, "eta izaera horrekin jarraituko du, inguruabarrak edo baldintzak aldatzen ez diren bitartean; edota denboran zehar emandako esperientziatik irteera bera edota, hala balegokio, bidegurutzea bere osotasunean aldatzearen berrazterketa ekartzen ez duen bitartean".