Greban ere euskaraz

Onintza Irureta (Argia.com) 2010ko eka. 29a, 21:06

Ez dakit larritu ala poztu egin behar dudan. Gaur Azpeitia aldean kaleko kazetari lana egitea tokatu zait. Han ibili naiz batera eta bestera itxita zein irekita dauden enpresei argazkiak ateratzen. Lan Mobel enpresako atarian kotxe asko dagoela iruditu zait eta argazki saioa egin dut.

Lasai-lasai kotxera abiatu naiz eta barruan segundo batzuk pasa ditut hainbat apunte idazten. Halako batean leihora gizon bat hurbildu dela ohartu naiz. "Ui! Ezaguna da, zestoarra. Hau ‘jefe’-etako bat izango da". "Te he visto sacando fotos...", eta nik: "Euskaraz badakit, zestuarra naiz". Eta berak edukazio osoz gaztelaniaz segi du, ez dut uste adarra jotzeko egin duenik euskara ez dakielako baizik. Ostras! Ez daki euskaraz! Eta nik: "Perdona, no sabía que no supieras euskera". "Tranquila, tranquila...". Esan diot kazetaria naizela, Argia astekarian egiten dudala lana eta hau eta beste, eta han joan da.

Ez naiz larritu leihora etorri zaidalako gizona, gaztelaniaz hasi delako baizik. Nik ez dakit larritu ala poztu egin behar dudan... Ferran Suay dut gogoan.