Dagoeneko, Macacoren kontzerturako 1.500 sarrera saldu dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 24a, 13:06

Lagun Onak futbol Klubak antolatu du emanaldia, uztailaren 10erako, Garmendipeko futbol zelaian

Sarrerak Garmendipe futbol zelaian, Kutxako kutxazainetan edo www.ticketmaster.es webgunean eskuratu daitezke

Lagun Onak Futbol Klubak dirua biltzeko kontzertua antolatu du uztailaren 10erako. Garmendipeko futbol zelaian Macaco (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Grises (Zestoa) taldeek eskainiko dute emanaldia. Lagun Onak-ekoek diotenez, sarrerak martxa onean saltzen ari dira, izan ere, jada 1.500 bat salduak dituzte. Sarrera 20 euro kostatzen da.

Guztira 3.500 sarrera inguru jarri dituzte salgai. Horietatik 500 Garmendipe futbol zelaian daude erosgai, astegunetan, 18:00etatik aurrera. Kutxako kutxazainetan ere eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Internet bidez ere www.ticketmaster.es webgunean.

Kontzertua hasi aurretik, 17:00etatik aurrera, haurrentzako jolasak antolatuko dituzte Garmendipeko futbol zelaiaren inguruan, puzgarriekin-eta.

Lagun Onak Futbol Klubak diru beharra duela eta finantzazio iturri gisa antolatu du uztailaren 10erako kontzertua. Horretaz gain, kontzertura joan ezin, baina futbol elkarteari lagundu nahi dionarentzat kontu korronte bat zabaldu dute Euskadiko Kutxan. Honako hau da zenbakia: 3035 0020 57 0200070003.