Hogei koadrilek hartu dute parte presoen alde egin dituzten baraualdietan

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 24a, 12:06
Baraualdian parte hartu duten gazteen agerraldia, herenegun. (Nerea Uranga)

Iazko abenduan hasita, astebururo presoen "eskubideen urraketa eta egoera latza" salatu dute gazte taldeek

Olatz Izagirre eta Josu Urbieta Pou ere gogoan izan dituzte agerraldia egin duten gazteek

Iazko abenduan hasita, hogei koadrilek hogei asteburutan barau eginez, euskal preso politikoen aurkako "eskubide urraketa eta bizi duten egoera latza" salatu dute. "Herriko gazte koadrilek hartu dugu parte, eta ehundik gora lagunek salaketez eta aldarrikapenez jositako ekimen iraunkorra bultzatu dugu", azaldu zuten herenegun arratsaldean Azpeitiko Gaztetxean egindako agerraldian.

Asteburuetan txandak egin dituzte koadrilek, Sindikatu Zaharrean. "Ekimen honekin, Espainiako eta Frantziako espetxeetan ezarri dituzten muturreko egoerak salatu ditugu: gaixo eta larri dauden presoak giltzapean mantentzea, espetxe zigorra beteta izan arren kartzelan bahituta eta Euskal Herritik ehunka kilometrotara sakabanatuta izatea". Horretaz gain, presoak dagozkien eskubideen jabe izatea aldarrikatu dute.

Jabi Agirre, itxialdian

Gazteek egin dute aldarrikapenarekin batera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa borrokaldian dagoela gogorarazi dute. Borrokaldi horren baitan ekainean lekukoa hartu dutenen artean Jabi Agirre preso azpeitiarra dago. Agirre itxialdian dago egun hauetan; OcaƱa I.ean (Herrialde Katalanak) dago preso. Borrokaldia dela eta, hainbat ekimen egin dituzte hilaren hasieratik. Askatu.org atariak jakinarazi duenez, astelehenean hasi zuten itxialdia eta bihar arte egingo dute. Hilaren 30ean, berriz, janariari uko egingo diote. Asteburuetako baraualdietan parte hartu duten gazteek, "animoak eta besarkada beroa" helarazi zieten Agirreri. "Gazteok ere saiatuko gara barruko borrokaren ispilu izaten", gaineratu zuten.

Maindire iladarako deia

Abenduan hasitako asteburuetako ekimenari bukaera eman diote, baina aldarrikapenekin ez dutela bukatu esan dute gazteek. Hala, hileroko azken ostiraletako maindire iladan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei. Hil honetako maindire ilada bihar da, 19:00etan, bariantean. "Parada egokia da gazteon indarraz elkartasuna bikoizteko", adierazi zuten.

Izagirre eta Urbieta gogoan

Olatz Izagirre eta Josu Urbieta Pou ere gogoan izan dituzte agerraldia egin duten gazteek. "Biei besarkada iraultzaile bat helarazi nahi diegu, bai gazte mugimenduan eta bai herri mugimenduan lan eskerga egin dute-eta", azaldu dute gazteek. Izagirre, euroagindu bidez, Frantziatik Espainiara eramango dute aste honetan. Pou , berriz, La Santeko espetxean sartu berri dute.