Toreatzaile gazteen eta zezenen aldeko apustua egingo dute aurten

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko eka. 18a, 13:06
Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kideak, Miren Artetxe zezenketetako kartelaren egilearekin, atzo, Donostian.

Abonoak uztailaren 6tik 17ra bitartean eskuratu ahal izango dira

Saninazioetako zezenketak iragarriko dituen irudia Miren Artetxek egindako kartela da

Aurtengo saninazioetako zezenketetako kartela osatzeko, torero gazteen eta zezenen aldeko apustua egin du Azpeitiko Zezenzale Batzordeak. "Saninazioetako zezenketak antolatzeko ditugun irizpideak ezagunak dira dagoeneko, toreatzaile gazteei Azpeitian toreatzeko aukera eman nahi diegu eta zezenen aldeko apustua egiten dugu beti", azaldu du Joxin Iriarte Zezenzale Batzordeko presidenteak. Gaur eguerdian aurkeztu dituzte zezenketak, Donostian. Han Azpeitian ariko diren hiru toreatzailek ere hartu dute parte: Alberto Aguilarrek, Arturo Maciasek eta Javier Cortesek.

"Cortes eta Aguilar gazteak eta toreatzaile berriak dira, baina izena hartuko dute. Macias, berriz, Mexikon toreatzaile handia da eta Espainian bidea egiten hasita dago", azaldu du Iriartek.

Zezenen kontuan, berriz, urtetik urtera ganadutegiekin "zorrotzagoak" direla esan du, "zezen onak ekartzea exijitzen dugu, horretan interes handia jarri eta lan handia egiten du Zezenzale Batzordeak".

Arturo Macias mexikar toreatzailea egun hauetan Azpeitian egon da. Honek Azpeitiko zezenketetez jakin duenaz hitz egin du, "Azpeitiko plaza oso ona dela entzun dut eta zezenzaleak oso exijenteak direla. Hirugarren mailako zezen-plaza izan arren, han zezenetaz asko dakien jendea biltzen dela esan didate. Alejandro Amaya mexikarrak toreatu zuen Azpeitian eta hark oso ondo hitz egin dit bertan izandako esperientziaz". Aurkezpenean hiru toreatzaileek esan dutenez, saninazioetan zezenketa ona egiten eta jendea gustura uzten saiatuko dira.

Zezenketetarako sarrerak

2010eko uztailaren 30, 31 eta abuztuaren 1ean izango diren zezenketetarako abono zaharrak eta berriak egiteko aukera izango da uztailaren 6tik 17ra bitartean, takilan (Udaltzaingoaren bulego ondoko lokala, Plaza txikian). Telefonoz ere egin daiteke eskaria (943 15 71 60). Uztailaren 17rako jasotzen ez dituztenek, abonoak jasotzeko eskubidea galduko dute.

Uztaileko astegunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik takila. Launbat eta jai egun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. Egunean bertan zezen plazan ere salduko dira sarrerak, 16:00etatik aurrera.

Antolatzaileek lehengo urteko "prezioak matenduko" dituztela jakinarazi zuten.

Zezenketak iragartzeko kartela

Aurten, aurreneko aldiz, zezenketetak iragartzeko irudia aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu dute, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurrena betetzen dela eta. 19 lan aurkeztu dira lehiaketara eta Miren Artetxek egindakoa izan da irabazlea. Artetxek dioenez, "ezustekoa hartu dut, baina oso gustura nago". Datorren urtean ere kartel lehiaketa antolatzen saiatuko direla esan dute batzordekoek.

Saninazioetako zezenketetako egitaraua

Uztailak 25, igandea. Saninazioetako zezenketetako zezenen desenkajonamendua, zezen-plazan.

Uztailak 30, ostirala (San Inazio bezpera).

  • 12:00etan, arratsalderako zezenen aukeraketa.
  • 18:00etan, zezenketa, zezen-plazan. Ganadutegia: Dolores Aguirre Ybarra (Sevilla, Espainia). Toreatzaileak: Morenito de Aranda, Ivan FandiƱo eta Miguel Angel Delgado.

Uztailak 31, larunbata (San Inazio eguna).

  • 12:00etan, arratsalderako zezenen aukeraketa.
  • 18:00etan, zezenketa, zezen-plazan. Ganadutegia: Portugalgo Palha. Toreatzaileak: Rafaelillo, Alberto Aguilar eta Javier Cortes.

Abuztuak 1, igandea (San Inazio bigarrena).

  • 12:00etan, arratsalderako zezenen aukeraketa.
  • 18:00etan, zezenketa, zezen-plazan. Ganadutegia: Manuel eta Antonio Tornay (Sevilla, Espainia). Toreatzaileak: Manuel Jesus El Cid, Jose Maria Manzanares eta Arturo Macias.