Enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko proiektua aurkeztu du Iraurgi Lantzenek

Uztarria.eus 2010ko eka. 17a, 20:06
Arancia enpresako kide Iraitz Zabaleta, Iraurgi Lantzeneko teknikari Alazne Larrañaga eta Jaione Valverde, akzio plana aurrera eramateaz arduratuko den teknikaria.

Mikroenpresak Mugimenduan ekimena hiru eta hamar langile bitartean dituzten eskualdeko enpresei zuzenduta dago

Iraurgi Lantzeneko teknikari Alazne Larrañagaren esanetan, "egitasmoaren protagonistak enpresak beraiek dira"

Azkoitiko eta Azpeitiko "enpresa txikien lehiakortasuna hobetu eta garapen ahalmena sendotu asmoz", Mikroenpresak Mugimenduan proiektua aurkeztu du Iraurgi Lantzen Urola Erdiaren Bultzatze eta Garapenerako Elkarteak.

Iraurgi Lantzeneko teknikari Alazne Larrañagaren esanetan, "eskualdeko hiru eta hamar langile bitartean dituzten industria eta zerbitzuen enpresei zuzendutako proiektua da eta horiek izango dira egitasmo honen protagonistak; beraiek ezagutzen baitituzte ondoen zeintzuk diren beharrak, arazoak eta aukerak". Hala, mikroenpresek aurrera eraman nahi dituzten ekintzekin hiru urterako plan bat definitu dute. "Enpresen behar eta eskaeren arabera aldakorra izango da plan hau".

Proiektuko helburuak lortzeko, Iraurgi Lantzenek kanpoko aholkularitza espezializatu baten laguntzarekin eta eskualdeko 16 mikroenpresarekin egin du lana: "Gure eskualdeko sektore desberdinetako 16 mikroenpresen partaidetzari esker lortu dugu Ekintza Plana sortzea, oso garrantzitsua izan baita. Nahiz eta krisi garai txarrean egon, enpresak gauza berrietara irekita daudela ikusi dugu eta askok irtenbide bezala aldaketarako eta hobekuntzarako aukerak ikusten dituzte".

Iraurgi Lantzen 2008 bukaeran hasi zen mikroenpresek zituzten beharrak eta zailtasunak ezagutzeko galdeketa bat prestatzen. "Diagnostikoa batetik, eta gaur egun enpresek bizi duten egoera ekonomikoak bultzata, Azpeitiko eta Azkoitiko mikroenpresen esparruan lana egiteko erabakia hartu dugu, beraien garapenerako laguntza zerbitzuak eskainiz".

Proiektuaren potentziala ikusita, teknikari baten beharra ikusi dutela dio Larrañagak, eta hiru urteko akzio plana aurrera eramateaz Jaione Valverde teknikaria arduratuko da. "Teknikariaren lana ekintza plana martxan jartzea izango da, bertan parte hartzen duten agente desberdinak koordinatuz".

Proiektuko partaideen esperientzia

Azkoitiko Arancia enpresako kide Iraitz Zabaletak adierazi duenez, enpresa bakoitzak bere esperientzia kontatu eta besteenak ezagutzeko "aukera polita" da. "Balorazio positiboa egiten dugu, bailarako hainbat enpresak batak bestearen ikuspuntuak ezagutu eta etorkizunera begira zer hobetu daitekeen aztertu baitugu. Eskualdeko enpresa txiki denak ekimenean parte hartzera animatzen ditut".

Ekimenean inork parte hartu nahiko balu 943851100 telefonora deitu behar du.