Hutsuneak betetzeko onartu dute Udalaren euskararen erabilera plana

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 17a, 13:06
Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendaria, Ana Menidzabal Euskara zinegotzia eta Miren Segurola Uemako teknikaria plana aurkezten.

2012ra arteko plana da orain onartu dutena; Uemak osatu du, aurrez datu bilketa sakona eginda

Azpeitiko Udalak etxe barruko euskararen erabilera planaren 2010-2012 eperako plangintza onartu du. Udalbatzak maiatzaren ohiko udalbatzarrean onartu zuen erabilera plana, aho batez. Azpeitiko Udala Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide denez, plana neurri handi batean Uemak berak bideratu du. Udalean euskararen normalizaziorako bidean pauso asko emanda badaude ere, dauden hutsuneak betetzea helburu bideratu dute plana.

Epealdi berrirako Udal barruko euskararen erabilera planari buruz zera adierazi du Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak: "Orain indarrean dagoen plana aurreko agintaldian hasitakoaren jarraipena da". Mendizabalek gaineratu du aurreko Udal agintaldian "urrats handiak" egin zituztela: "Udaletxean ia jarduera guztia euskaraz egitera iritsi gara. Oraingo planarekin, hutsuneak bete eta jarduera osoa euskaraz egitea izango da helburua. Espero dezagun emaitza onak ematea eta eragin biderkatzailea izatea, bai Udal barrura eta baita kanpora begira ere".

Mendizabalek, udaletxeko langileek planarekiko duten jarrera ona aitortu du: "Haiei esker egin du aurrera planak".

Errematea falta

Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendaria ere bat etorri da Euskara batzordeburuarekin. Aurreko agintaldian euskararen erabileraren gaineko lehen plana garatu zela azaldu du Saezek: "Bikain egiaztagiria ere jaso zuen Azpeitiko Udalak, maila gorena lortuz. Orain, lanaren azken pausoak edo errematea ematea falta da". Azpeitikoa "ziur aski" euskararen erabileraren normalizaziorantz urrats gehien egin dituen bere mailako Udala dela nabarmendu du Saezek: "Gure asmoa plangintza hau bukatutakoan helburua lortuta izatea da".

Bost hilabetez datuak biltzen

Udal barneko euskararen erabilera plan berria Uemak egin du, aurrena datuak bilduz eta ondoren planifikazioa eginez. Miren Segurola Uemako teknikariak hala azaldu du: "Datuak bildu ondoren, oinarriak eta aurrera begira hartu beharreko neurriak jarri dira". Azpeitiko Udalean egiten den euskararen erabilera neurtu du Uemak, bost hilabetez. Segurolaren hitzetan, datu bilketaren emaitzak erakutsi du Azpeitiko Udala "aurretik pauso asko" emandakoa dela.

Orokorrean, datu "onak"

Batetik, 11 esparrutan banatuta, Udal langileen eta ordezkari politikoen euskara gaitasuna neurtu du Uemak. Bestetik, hiru eratara bildu ditu datuak: langileei dokumentuak eskatuta (600 dokumentu baino gehiago jaso dituzte); langileei galdetegi bat eginda; eta, hizkuntza paisaiaren behaketa eginda. Datu bilketaren emaitzak, orokorrean, "oso onak" izan direla ondorioztatu du Segurolak. "Baina, normaltasunez euskaraz lan egiteko ezintasuna eragiten duten hainbat elementu ere identifikatu dugu", gehitu du. Besteak beste, honakoak dira elementu horietako batzuk: langileek erabiltzen dituzten aplikazio informatiko guztiak ez daude euskaraz; gaur egun langileek jasotzen duten prestakuntza ia gehiena gaztelaniaz eskaintzen diete; hornitzaileekiko harremanak gaztelaniaz dira, etab.

Udaleko euskararen erabilera planari jarraipena emateko batzordea ere osatu dute. Bertan teknikoek, arduradun politikoek eta Udal langileen ordezkariek hartuko dute parte.