Sentimenduen birtuositatea

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 17a, 12:06
Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabala, ezkerretik hasita. (Garikoitz Mendizabal)

Garikoitz Mendizabalek eta Xabier Zabalak ezohiko txistu eta eskusoinu kontzertua emango dute bihar

.20:00etatik aurrera izango da, Enparan Dorretxean

Txistuak eta eskusoinuak entzuleen arreta eta begirunea lortzeko erraztasun handirik ez du izan urteetan. Txistua dantzarekin eta lan instituzionalarekin lotuta egon da eta eskusoinua, berriz, trikitixaren mende, neurri handi batean. Garikoitz Mendizabal zestoarrak eta Xabier Zabala zarauztarrak osatutako bikotea muga horietatik haratago joan da, eta Txistu birtuosoa eta sentimenduak bat eginik. Betikoa eta betirako ikuskizuna sortu du, bi musika tresnek ematen dituzten aukerak batuz. Proiektuarekin urte eta erdi daramate, hanhemenka zuzenean aurkezten, eta bihar arratsaldean, 20:00etan hasita, Azpeitiko Enparan Dorretxean izango dira.

**New age bihurria*

Kontzertuak bi atal ditu: "Bata, nire Bihurrikeritan diskoan oinarrituta dago, bertan jasotako hainbat doinu birtuoso jotzen baitugu. Bestea, berriz, Xabier Zabalaren doinu berriekin osatuta dago, eta horietako asko new agetankerakoak dira; musika lasaia edo sosegatua, alegia. Emanaldiak bi alde ukitzen dituenez, izenburu ponpoxo ori jarri genion", azaldu du txistulari zestoarrak.

Birtuosismoa eta lasaiatasuna "estetikoki oso kontrajarriak" badira ere, bi aldeak uztartu daitezkeela erakutsi nahi du bikoteak, eta horregatik heldu zioten proiektuari. Era berean, izenburuari Betikoa eta betirako leloa gehitu diote. Azken finean, "errepertorio birtuosoa jotzen duguna betiko musika delako eta betirako izango delako, nahiz eta historian zehar gutxi izan diren pieza zail horiek jo dituztenak. Eta, bestetik, errepertorio lasaian, betirako diren sentimenduak islatzen ditugulako".

Orain arte, areto txiki edo ertainetan jo dute, eta jendearen aldetik harrera ona izan dute. Mendizabalen arabera, entzulea "gehiago harritzen" da Zabalaren ekarpenarekin: "Sentimenduei dagokien zatiak arreta handia erakartzen du, teklatuengatik eta programazioengatik. Txistuaren errepertorioa oso zirraragarria egiten zaie, baina hori agian noizbait entzunda izango zuten.Bestea, ordea, ez da horrenbeste landu. Txistua dantzarekin lotu da ia beti, eta sentimenduak lantze hori ez da horrenbeste garatu. Horregatik, jendea txundituta geratzen da emanaldiarekin. Egia esan, oso gustura ari gara".

Mendizabalen eta Zabalaren ekarpena ezohikoa da, zalantzarik gabe. Hala ere, zestoarra ez du uste "abangoardiako musika" egiten dutenik: "Gaur egungo bi musikari gazte gara eta, alde horretatik, garaikideak gara. Baina, new age estiloko edo sentimenduen inguruko atal horrekin, ez da proposamen garaikidea".

Atal birtuosoa eta sentimenduen atala tartekatuta aurkezten dute emanaldietan, nolabaiteko oreka mantentze aldera. "Sarrera lasai batekin hasiko gara; ondoren, pieza birtuoso edo bihurriak joko ditugu; jarraian, sentimenduei heltzen diegu; gero, dantzarako piezaren bat... Bata bestearekin tartekatuta eta nahastuta egituratu dugu", zehaztu du Mendizabalek.

Diskoz disko

Txistu birtuosoa eta sentimenduak bat eginik. Betikoa eta betirako ikuskizunarekin urte eta erdi pasa eta gero, txistulariak ez du baztertzen honakoa disko batean jasotzea. Hala ere, oraindik goizegi dela iritzi dio. Aurretik, antzeko proiektu bat garatu zuen Aitor Furundarena soinu-jotzailearekin, eta datorren udazkenean Elkar diskoetxearekin argitaratuko du, Arnasakizenburupean. "Hiru urtez, eskusoinua eta txistua nahastuz, denetarik landu genuen: ganbera musika, musika garaikidea, folka... Guztiak uztartuz, emanaldi biziak eskaintzen aritu ginen zuzenekoetan".