Izarraitz Igeriketa Elkarteko igerilariek postu onak lortu zituzten asteburuan

Uztarria.eus 2010ko eka. 16a, 17:06
Harri Garmendia Sariketan parte hartu zuten igerilariak beraien entrenatzailearekin. (Nerea Illarramendi)

Larunbatean eta igandean izan ziren bi txapelketatan Izarraitz Igeri Elkarteko sei igerilarik hartu zuten parte

Ainhoa Goenagak Udako Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu du, 200 metro bizkarrean egindako denborari esker

Joan den larunbatean, ekainak 12, Neguko Partaidetzako Liga Probintzialeko seigarren jardunaldia izan zen Andoainen. Luke Korta igerilari azpeitiarrak 100 metro bular eta 400 metro librean hartu zuen parte eta 7. eta 9. postuak eskuratu zituen, hurrenez hurren.

Bestalde, igandean, ekainak 13, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan Harri Garmendia IV. Sariketa egin zuten. Izarraitz Igeri Elkarteko bost igerilarik hartu zuten parte: Jon Odriozola, Pablo Etxeberria, Jon Irigoien, Ainitze Odriozola eta Ainhoa Goenaga.

Jon Odriozola 100 metro bularrean eta 100 metro librean lehiatu zen eta 6. eta 8. postuak lortu zituen. Pablo Etxeberria 400 metro librean eta 200 metro librean aritu zen eta 4. eta 13. postuan amaitu zuen sailkapenean, hurrenez hurren. Jon Irigoienek 100 metro tximeletan 2. postua lortu zuen. Ainitze Odriozolak, berriz, 50 metro librean 6. postua eskuratu zuen eta 100 metro bizkarrean, 8. postua. Ainhoa Goenagak irabazi zuen 200 metro bizkarreko proba, eta 100 metro tximeletan 5. postua lortu zuen.

Ainhoa Goenagak Udako Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu du, 200 metro bizkarrean egindako denborari esker, txapelketan parte hartzeko behar zuen denbora baino gutxiagoan amaitu baitzuen proba.