Eskolarteko Txapelketako finala jokatuko du Iraurgik

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 16a, 11:06

Iraurgi ikastetxeko taldeak Espainiako ACB-ko eskolartekoa jokoan izango du larunbatean, Badalonan

Bi partida jokatuko dituzte: Lehenengoa, San Estanislao talde andaluziarraren aurka eta Ramiro de Maeztu talde madrildarraren kontra

Iraurgi Ikastetxeko saskibaloi taldeak final garrantzitsua jokatuko du datorren asteburuan. ACBk antolatzen duen Espainiako Eskolarteko Txapelketa jokoan izango da, Badalonako (Herrialde Katalanak) Paisos Catalans kiroldegian. Iraurgikoek, Lagun Aro GBC taldearen sailkapen txapelketa irabazi ondoren, ipar konferentziako txapelketan garaile izan ziren, finalerako sailkapena lortuz.

Sei taldek hartuko dute parte Badalonan jokatzekoak diren finalean. A taldean, Badalones ikastetxea (antolatzaileak), Peleteiro (Santiago, Galizia) eta Maristas (Valentzia) izango dira. B taldean, berriz, San Estanislao (Malaga, Espainia), Ramiro de Maeztu (Madril, Espainia) eta Iraurgi ikastetxekoak. "Talde guztiak biztanle asko dituzten hirietakoak dira, eta Iraurgikoak Azpeitia ordezkatzera joango dira, ilusio handiz", adierazi dute ikastetxeko ordezkariek, hitzorduari begira.

Iraurgi ikastetxekoek, larunbatean jokatuko dituzte euren multzoko bi partidak: San Estanislaoren aurka (09:00etan) eta Ramiro de Maezturen aurka (13:00). Hori izango da neurketa zailena, izan ere, ACBko Estudiantes taldearen harrobi nagusia da Ramiro de Maeztu ikastetxea. "Lan zaila dute, baina ilusioa gainezka dutela, daukaten onena ematen siatuko dira", diote Iraurgiko arduradunek.