Larunbatean da Urrestillako San Joan Herri Krosa

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 16a, 11:06

.17:00etan hasiko da lasterketa

Interesa duenak dagoeneko eman dezake izena ‘www.herrikrossa.com’-en

Urrestillan sanjoanei kirol ekitaldiekin hartuko diete aurrea. Ostiralean, pilota partidak izango dira Txikuri pilotalekuan, 22:30ean hasita. Larunbatean, berriz, 17:00etan, Urrestillako IX. San Joan Herri Krosa jokatuko dute. Kroserako izena emateko aukera irekita dago, www.herrikrossa.com webgunean. Internetez izena ematea doan da. Egunean bertan izena ematen dutenek, ordea, bost euro ordaindu beharko dute parte hartzeko. "Azken orduko lanak arintzearrean jarri dugu izena emateko kontua horrela", azaldu du Xabier Iturralde krosaren antolatzaileetako batek.

Azken ordura arte zein korrikalari izango diren jakitea zaila dela dio Iturraldek: "Iazko irabazleak azken unean eman zuten izena, beraz, ez dago jakiterik zein etorriko den". Iaz , gizonezkoetan Mathew Kasgeik (26:18) irabazi zuen eta emakumezkoetan Susan Jepkemeik (32:14).

Maila guztietako lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, eta parte hartzen duten haur guztiek domina eta oroigarria jasoko dituzte. Helduen mailan, lehen sei neska-mutilek diru sariak ere izango dituzte: aurrenak 120 euro; bigarrenak, 90 euro; hirugarrenak, 60 euro; laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak 30na euro.

Iaz haurren parte-hartzea handia izan zen. Horregatik, aurten, 6 urtera arteko umeentzako lasterketa bat prestatu dute. "Aurreko urteetan 6 urtetik beherakoek benjaminekin irteten zuten, baina helmugan nahastea sortzen zen", azaldu du Iturraldek.

Proben ordutegia

  • 17:00. 0-6 urte bitarteko neskamutilak. 200 metroko ibilbidea.
  • 17:15. Benjamin neska-mutilak. 550 metroko ibilbidea.
  • 17:30. Alebin neska-mutilak, 950 metroko ibilbidea.
  • 17:45. Infantil neska-mutilak, 1.190 metroko ibilbidea.
  • 18:00. Kadete neska-mutilak, 2.300 metroko ibilbidea.
  • 18:00.Jubenil neska-mutilak, 4.500 metroko ibilbidea.
  • 18:00. Senior eta beteranoak, emakumezko eta gizonezkoak, 8.850 metroko ibilbidea.