Egurra ta kitto! taldeak aurreneko diskoa kaleratu du

Uztarria.eus 2010ko mai. 28a, 19:05
Orhantza Alegria 'Egurra ta kitto!' taldeko kidea.

Argituko du izena jarri dioten lana zazpi kantuz dago osatua

Bost euroren truke eskura daiteke diskoa, Txarrantxa eta Orkatz tabernetan

Musikak elkartu zituen Egurra ta kitto! taldeko kide Orhantza Alegria, Aritz Arzallus, Aitor Letamendia eta Gari Orbegozo azpeitiarrak eta, Iñigo Mendia eta Iñigo Izuzkiza ormaiztegiarrak. Urte eta erdi inguru darama taldeak Euskal Herriko hainbat txokotan kontzertuak eskaintzen.

Joan den martxoan grabatu zuten beraien lehen diskoa Ondarroako Santod Records estudioan, eta dagoeneko eskuragarri dago Azpeitiko Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. 5 euroren truke eros daiteke Argituko du izena jarri dioten diskoa.

Lanak zazpi abesti ditu, eta tartean, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko bi urtean behin egiten den Pausoz pauso martxako abestia entzun daiteke.

Uztarria.com-ek Egurra ta kitto! taldeko Orhantza Alegriarekin (Azpeitia, 1986) hitz egin du:

Noiz otu zitzaizuen taldea sortzeko ideia?

Hasieran, azpeitiar batzuk elkartu ginen Gaztetxeko abesti bat egiteko asmoarekin, baina ez genuen ezer egiterik lortu. Hortik sortu zen ideia. Aritz Arzallus eta biok hitz egin, eta beste kideekin taldea osatu eta entsaiatzen hasi ginen.

Noiz hasi zineten kontzertuak ematen?

Duela urte eta erdi inguru. "Inaxi" abestia egin genuen 2008ko saninazioetarako, eta gero kantu gehiago egin, bertsioak entsaiatu eta kontzertuak ematen hasi ginen abenduan.

Zer dela-eta Egurra ta kitto!?

Gure inguruan sarri erabili izan den esaera bat da Egurra ta kitto! Esanahi asko dituen euskarazko esamoldea da, eta originala, gainera.

Zer moduzko esperientzia izan da diskoa grabatzea?

Ederra. Ordu asko eskatzen ditu, baina ederra. Hasieran instrumentu bakoitza banaka grabatu behar da, baina gero abestiak forma hartzen doazela ikusteak, soinua ona dela ikusteak motibatu egiten du.

Zenbat kontzertu eman dituzue gaur artean? Eta zein azpimarratuko zenuke?

25-30 kontzertu inguru eman ditugu; Gipuzkoan eta Bizkaian gehienbat, baina aurrera begira Araba eta Nafarroan ere izango gara. Kontzerturik onena, berriz, Zestoako Gaztetxean Pausoz pauso egin zen egunekoa izan zelakoan nago. Hala ere, Azpeitiko festetakoa ere azpimarratuko nuke, jende ugari bildu baitzen txosnetan. Datorren ostiralean Sanjuandegiko festetan eman behar dugu kontzertua, The Friday´s Crew azpeitiarrekin batera.

Zergatik egiten duzue ska musika?

Ez zen gure hasierako ideia izan ska musika egitea, baina parranderoak garenez, dantza egiteko moduko musika egitea pentsatu genuen. Gainera, musika mota hau egiten duten talde asko ez daude eta aukerak ikusi genituen.

Diskoa kaleratu duzue. Zein da zuretzat abestirik onena? Eta jendearentzat?

Kontzertuetan giroa sortzeko, Pausoz pauso eta Bero bero abestiak dira onenak, jendeak dantza egiten baitu kantu hauekin. Baina gure webguneko bisitarientzat antza denez, abesti onena Gauero da. Kanta serioagoa eta makalagoa da eta dirudienez jendeari hau gustatzen zaio gehien.

Abestien letrak egiteko nola moldatzen zarete?

Batzutan geuk egiten ditugu, gaiak aukeratu eta norberak etxean asmatzen ditu. Hala ere, Gauero abestiaren letra Eneritz Arzallus errezildar bertsolariak egin zigun.

Diskoa salduko delakoan al zaude?

Ez dakit, baina baietz espero dut. Bost euro soilik balio ditu, eta ea jendea animatzen den, gastuak ordaindu behar ditugu eta!