"Oraindik etor daitekeenaren" kezka da nagusi arlo publikoko langileengan

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mai. 26a, 11:05

Azpeitian eragin nabarmena izan zuen atzo grebak

Udalean, hezkuntzan eta osasungintzan izan zuen eragina

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako arlo publikoko langileen greba eguna izan zen atzo, astelehena. Udaletxeetan, Osakidetzako anbulatorioetan eta unibertsitatekoak ez diren hezkuntza publikoko ikastetxeetan izan zuen eragina grebak. Hiru dira sindikatuek aldarrikatutako ideiak: eskubide sozialak babestea, zerbitzu publikoak garatzea eta gastu soziala handitzea.

Grebaren jarraipenari dagokioez, sindikatuek bitan banatu zuten jarraipena. Batetik Eusko Jaurlaritzan egindakoa azaldu zuten, eta "sindikatuentzat oso eremu zaila"ยป izanik ere, ELAko ordezkari Izaskun Garitanoren arabera, langileetatik %55ek baino gehiagok egin zuten greba. Udaletan, berriz, "arrakasta izugarria" izan zela azaldu zuen, %75eko jarraipena izan baitzuen sindikatuen datuen arabera. Jaurlaritzaren datuen arabera, langileetatik %30ek egin zuten greba eta Osakidetzako langileetatik %5ek.

Urola Kostako LABeko ordezkari Pello Enparanek adierazi zuenez, "toki guztietan egin dira asanbladak, eta hori ez da gutxi". Zera zioen Enparanek: "Benetako kezka ez da soilik funtzionarioen soldata %5 jaistea, baita pentsioak murriztea eta zerbitzu publikoen gastua murriztea ere". "Azken finean, administrazio publikoak garrantzia handia du gizartearetzat, eta arriskuan ikusten dugu horrenbeste urtez eraikitzen jardun dugun ongizate gizartea eta bizi-kalitatea", gehitu zuen.

Enparanek gaineratu zuenez, "Nazioarteko Diru Funtsa Espainiako Estatuari kontuak oraindik eta gehiag o estutzeko eskatzen ari zaio", eta beraz, "euskal gizartea jada jasaten ari denaz gain, oraindik etor daitekeenaren" kezka da nagusi.

"Hemen garrantzitsuena da ohartzea lan-harremanak eta gizarte zerbitzuak erregulatzeko bertako konpetentzia marko bat behar dela, Espainiako Gobernuaren aginduen eta erabakien menpe egon gabe", nabarmendu zuen LABeko ordezkariak.

Gehiegizko zerbitzu minimoak

Greba deitu zuten sindikatuen kritiketako bat Eusko Jaurlaritzari zuzendutakoa izan zen, hark exijitutako gutxieneko zerbitzuen harira. Sindikatuen ustez, "agindua erabat atzerakoia eta murriztailea da eta, beste behin, greba egiteko funtsezko eskubidea erabat mugatzen du". Sindikatuen ustez, Jaurlaritzaren dekretuaren jomuga "grebaren indarra gutxitzea eta posible den heinean galaraztea da". Hezkuntza zentroak irekitzera behartuta, hezkuntzako langileen greba eskubidea urratzeaz gain, eskolara joaten diren haurren "segurtasuna ere arriskuan" jartzen dela salatu zuten sindikatuek.

ELA sindikatuko Ramon Irazuren ustez, "administrazio publikoak gutxiengo zerbitzuen jokua egiten du greba neutralizatzeko". Horixe da greba deitutako sindikatu guztiek harekiko duten iritzia: helburua "grebak izan dezakeen eragina lausotzea eta boikoteatzea dela" diote.

Azpeitian jarraipena izan zuen grebak.

Udaletxea: Udaletxea, Euskara eta Kirol Patronatua itxita egon ziren.

Hezkuntza: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai itxita egon zen. Uztaro Haurreskolan 13 hezitzaileetatik hiruk jarraitu zuten greba.

Osasuna: Anbulatorioan, gutxieneko zerbitzuak kenduta, oinarrizko arretan %50ek egin zuten greba.