Bihar hasiko da Azpeitiko XI. Erremonte Txapelketa

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mai. 20a, 20:05
Txapelketa jokatuko duten pilotariak eta antolatzaileak, Izarraitzen egin duten aurkezpenean (UZTARRIA)

Zortzi bikotek hartuko dute parte eta hamasei pilotarietatik zazpi Azpeitikoak dira

Lehen kanporaketako aurreneko bi partidak bihar (maiatzak 21) 18:30etik aurrera jokatuko dituzte, Izarraitz pilotalekuan

Azpeitiko XI. Erremonte Txapelketaren lehen kanporaketako partidak jokatuko dira bihar, 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Txapelketan zortzi bikotek hartuko dute parte eta hamasei erremontistetatik zazpi Azpeitikoak dira: Xuban Oiarzabal Matxin III.-a, Urko Etxeberria, Aritz Etxeberria Etxeberria IV.-a, Eñaut Oiarzabal Matxin VI.-a, Igor Agirrezabala, Ion Etxeberria eta Imanol Badiola. Beteranoak eta hasiberriak elkarrekin ariko dira lehian. Aurreneko aldiz hartuko dute parte txapelketa batean Oñatz, Zubiri, Barrenetxea IV.a eta Urrutia erremontistek.

Gaur aurkeztu dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan Julian Kortajarena Udal Kirol zinegotziak, Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak eta Manuel Agirrezabala Matxin II.-a Oriamendi erremonte enpresako kideak.

Partida guztiak, 18:30ean

Bihar hasi eta ekainaren 11 bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Iazkoaren ildotik, arratsaldez jokatuko dute, 18:30ean hasita. "Iazko txapelketa jokatu genuen aurreneko aldiz arratsaldez, ordura arte iluntzean jokatu ziren txapelketak. Partidetara jende gehiago etortzeko asmoarekin egin genuen ordu aldaketa eta emaitzak onak izan ziren. Partidak arratsaldez izanik, aurreko urteetan baino jende gehiago bildu zen Izarraitz pilotalekuan. Horregatik, aurten ere arratsaldez antolatu ditugu erremonteko partidak", azaldu du Kortajarenak.

Kanporaketetan sarrera doan

Sarreren berri ere eman du Kirol zinegotziak: kanporaketetako sarrerak (bihar eta maiatzaren 28an) doan izango dira, finalerdietakoa (ekainak 4) bost euro eta finalekoa (ekainak 11) hamar euro.

Sariei dagokienez, bikote txapeldunak 600 euroko saria eta txapelak jasoko ditu eta txapeldunordeek 300 euro jasoko dituzte.

Egutegia eta partidak

Maiatzak 21 (bihar). Kanporaketetako lehen jardunaldia:

  • Lehen partida: Matxin III.a eta Zubiri Etxabe II.a eta Aizpurua II.aren aurka.
  • Bigarren partida: Zulaika eta Urko Etxeberria IV.a eta Barrenetxea IV.aren kontra.


Maiatzak 28, ostirala. Kanporaketetako bigarren jardunaldia.

  • Lehen partida: Matxin VI.a eta Agirrezebala Oñatz eta Ionen aurka.
  • Bigarren partida: Urrutia II.a eta Badiola Matxin IV.a eta Zubizarretaren kontra.


Ekainak 4, ostirala. Finalaurrekoak.

  • Lehen finalaurrekoa: maiatzaren 21eko kanporaketetako irabazleek jokatuko dute.
  • Bigarren finalaurrekoa: maiatzaren 28ko kanporaketetako irabazleek jokatuko dute.


Ekainak 11. Txapelketaren finala jokatuko dute egun horretan. Jaialdia osatzeko, estelarra ere programatuko dute, baina partida nagusi hori zeintzuk jokatuko duten ez dago erabakita.