Beltzaren gainean beltz iluna

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 14a, 12:05
Legen Beltza taldeko kideak: Joseba Azkue, Ekaitz Garmendia, Iban Hernandez eta Xanti Rodrigez. (Urola Kostako Hitza)

Need to suffer da Azkoiti eta Azpeitiko Legen Beltza taldearen disko berria, orain arteko pertsonalena eta artistikoena

Gaur gauean Azkoitiko Zurt Tabernan ariko dira, 23:30etik aurrera

ale asko zituzten zain jada Legen Beltzakoek, ia lau urte pasa baitira Dimension of Pain(2006) diskoa kaleratu zutenetik. Need to suffer (Sufritu beharra) da euren proposamen berria, beltza beltzaren gainean, muturreko musika, muturreko melodiak, muturreko hitzak. Gordina. Bortitza. Aldaketak aldaketa, hamabi urteko ibilbidea duen talde baten zigilua du Need to sufferek, pauso tinkoz doan taldearena, egin nahi dutenaren muineruntz doazen lau musikariren zigilua. Kide berak, baina ohiko formazioa aldatuta, Legen Beltzako Xanti Rodriguez (ahotsak), Ekaitz Garmendia (kitarrak), Joseba Azkue (baxua eta koruak) eta Iban Hernandez (bateria) barrenak hustuta datoz.

Sufrimendua bai...

"Gizakiok nahiko masokak gara. Geure buruari nahitaez sufrimendua eragiten diogu, esklabuak gara eta egunero sufritzen dugu", diote Azkuek eta Hernandezek diskoaren izenburuaz galdetzean, sufrimendua giza-izatearekin bat doan zerbait dela aitortuz. Izenburuak ez ezik, azaleko irudiak (neska bat katez lotuta) eta barrukoek ere (taldeko kideak lotzen dituzten kateetatik askatu nahian) "hemen guztiok sufritzen dugula" agerian jartzen dute . Kate horiek sistemaren kateak dira, baina baita norberak bere buruari jartzen dizkion kateak ere.

Abestietako mezuak ere ildo horretatik doaz. Kritika soziala egiten dute batez ere, giza eskubideen zapalketatik hasi eta, botikanegozioen aurkako hitzetatik pasatuz, Elizaren jokabideraino. "Manipulatzen gaituen sistemaren aurkako hitzak dira gehienbat, kriterio propioa eraikitzearen aldekoak".

Izenburua diskoa erditzen sufritu dutenari ere zor zaio. Lehen aldiz, beraiek grabatu dute diskoa goitik behera, beren ekipoarekin eta lagunen laguntzarekin. Zubi-Zarren grabatu dute, Ekaitz Garmendia grabazio-buru izanik. "Genituen baliabideekin ez zuen merezi estudio lan bat grabatzea, nahiago izan dugu ekipoan inbertitu", diote.

Horrela, urte eta erdi inguruko lana izan da Need to suffer. Denbora librean osatu dute, pixkanaka-pixkanaka guztia eginez: konposatu, entseatu, demoa grabatu, txukundu eta azken grabazioa egin. "Lan gogorra izan da, luzea eta neketsua, baina hurrengoan ere egingo nuke", dio Azkuek. "Ez genuen horrelako emaitza ona espero, hemen, Zubi-Zarren grabatuta", aitortzen du Hernandezek.

...baita gozamena ere

Etxean grabatzeak ez du sufrimendua soilik ekarri, ezta gutxiago ere. "Asko ikasi dugu, musikari eta teknikari bezala. Berez hau ez da musikariaren lana, baina, gaur egungo baliabideekin edozein musikarik jakin beharko luke gutxiengo bat", dio Hernandezek.

Gainera, nahi izan dutena egiteko askatasun erabatekoa izateak eman die gozatzeko aukera. Bestalde, konposaketa lana desberdina izan da. Orain arte norbaitek abestia ia amaituta eraman eta azken aldaketak egiten zizkioten taldean. Orain ordea, guztien artean konposatu dituzte abestiak. "Artistikoago gelditu da", dio Hernandezek; "unean uneko sormenari etekina atera diogu eta gutako bakoitzaren eragina gehiago nabari da lan honetan".

Aurrekoak baino beltzagoak, muturrekoagoak dira doinuak eta, halabeharrez, entzuteko zailagoak. Josebak argi dauka: "Badakigu horrela publikoa murriztu egiten dela, baina, horrek esan nahi du benetan nahi duguna egiten ari garela, geuretzako ari garela eta ez inori saltzeko".

Andy Classen soinu maisuak nahastu eta masterizatu die diskoa. "Oso tipo profesionala da, oso erraza izan da berarekin lana egitea", dio Josebak. Dimension of Pain diskoan jada buruan zebilkiten Classen edo Jacob Hansen bezalako teknikari on, espezializatu eta irisgarri batekin lan egitearen ideia; oraingoan posible izan da. Irribarrez eta "harrotasun sano baina umilez" Classeni euren lana gustatu zaiola diote. "Esan dizkigun gauzengatik ondorio hori ateratzen dugu".

Gaur zuzenekoa Azkoitian

Legen Beltzak beti eskaini izan du zuzeneko indartsua, eta Need to suffer-en kontzertuetan ez da gutxiago izango. Are gehiago, formazioa aldatuta eta Xanti ahotsetan soilik zentratuta, orain arte eskuartean zuen baxuak uzten ez zion eztanda egiteko prest dago. "Oholtzan berez lotsagabea bada, orain askeago izango da mugitzeko, jolasteko, jende artera salto egiteko... benetako frontman-a izateko", dio Azkuek.

Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan mugituko dute diskoa, eta egutegian gero eta egun gehiago dituzte borobilduta, (ekainak 19, Azpeitian). Dena den, ez diote Europari begirik kendu nahi: "Atzerrira atera nahi dugu orain, inoiz baino gehiago".

Gaur gauean Azkoitiko Zurt tabernan ariko da laukotea. 23:00etan iragarrita bazegoen ere, Realaren partida dela-eta, hura amaitu arte itxoin beharko dute, eta 23:30ean hasiko dira. Bi gomendio: headbanger-i biharamunerako lepokoa; gainerakoentzat, tapoiak. Joan eta gozatu.

Diskoa

Need to suffer Legen Beltza (2010)

  • Abestiak. Vaporized, Deathpidemic, Midnight Meat Train, Adans Children, Suicide, Church Burning, Death Control, Mutants from the red hill, Global Dictatorship, Amaierarik ez da (Angelus Apatridako kideen lankidetzarekin).
  • Soinua. Ekaitz Garmendiak eta Legen Beltzako kideek grabatua. Andy Classenek nahastu eta masterizatu du, Stage One Studio-n.
  • Diseinua. Azala, diseinua eta argazki guztiak Xanti Rodriguezek eginak dira.