Laugarren mendeurrena iruditan

Uztarria.eus 2010ko api. 29a, 12:04

Loiolako San Inaziori buruzko argazki lehiaketa antolatu dute Loiolako Santutegiak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak

Maiatzaren 31a baino lehen bidali beharko dira Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzara

Aurten 400 urte betetzen dira Loiolako San Inazio Azpeitiko patroi izendatu zutela (1610-2010), eta mendeurren aipagarriaren haritik, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Loiolako Santutegiak herriko zaindariari buruzko argazki lehiaketa antolatu dute. Irudietan jorratu beharreko gaia Loiolako San Inazio bera izango da; nolabait esateko, bere bizitzarekin, jaioterriarekin, inguruarekin, obrarekin eta abarrekin izandako erlazioa islatu beharko dute lehiaketara aurkezten dituzten argazkiek.

Gehienez ere, bost argazki

Edonork har dezake parte ekimenean, dela argazkilari afizionatua dela profesionala. Guztiek, ordea, bost lan aurkeztu ahal izango dituzte gehienez ere. Lanen gutxieneko neurria 20x30ekoa da, eta gehienezkoa, berriz, 30x40ekoa. Edozein argazki teknika onartuko da. Lanak maiatzaren 31 baino lehen bidali beharko dira Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzara (Perez Arregi plaza, 1 zenbakia. 326. 20730 posta kutxa, Azpeitia), inolako euskarririk gabe eta gastu guztiak ordainduta.

Lanak identifikatzeko argazki bakoitzaren atzealdean izenburua jarri beharko zaie. Irudiak gutun azal batean aurkeztu beharko dira, eta argazkiaz gain, beste gutun azal bat ere sartu beharko da barruan. Hark argazkiaren izenburua eraman beharko du idatzita, eta argazkilariaren datu jakingarri guztiak jaso beharko ditu: izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa, besteak beste.

Bi bidaia, sari bezala

Sari potoloak bezain erakargarriak jasoko dituzte argazki lehiaketako irabazleek. Lehen sarituak bi lagunentzako Erromarako (Italia) bidaia irabaziko du; 2010eko abenduaren 4tik 8ra izango da, eta San Inazioren inguruko bisita gidatua egingo dute bertan. Bigarren sarituak ere bidaia eta bisita gidatua lortuko du, baina ez Erromara, Parisera (Frantzia) baizik. Urriaren 29tik azaroaren 1era antolatutako Inaziotar Parisera bidai gidatua izango da, bi lagunentzat. Bi bidaia horiez gain, beste hiru aipamen berezi banatuko dituzte, eta horiek Loiolako Santutegia/Santuario de Loiola argazki liburua jasoko dute. Era berean, egileek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso. Epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa eguna aurrerago esango dituzte.

Saritutako argazkiak antolatzaileen eskuetan geldituko dira eta horrenbestez, argitaratzeko, zabaltzeko eta erabiltzeko eskubidea izango dute, irabazi asmorik gabe eta beti egilearen izena adieraziz. Beraz, lehiaketara aurkezten dituzten lan guztien artean 40 argazki aukeratuko dituzte antolatzaileek, eta argazki erakusketa ibiltari bat osatuko dute; antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu zein aretotan jarriko dituzten erakusgai, ezta zein datetan ere.

Xehetasunak

-Gaia.Loiolako San Inazio bera. Azpeitiko zaindaria eta bere bizitzarekin, inguruarekin, obrarekin eta abar, erlazionatutako guztia.

-Antolatzailea. Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Loiolako Santutegiak antolaturiko argazki lehiaketa.

-Partaideak. Argazkilari afizionatu eta profesional oro.

-Lanak. Egile bakoitzak bost lan aurkeztu ahal izango ditu. Argazkien tamaina: gutxienez, 20 x 30 izango da eta gehienez, 30 x 40. Edozein teknika erabil daiteke.

-Epea. Maiatzaren 31a bitartean aurkeztu daitezke lanak, Azpeitiko Argazki Elkartean (Perez Arregi Enparantza 1, 326. 20730 posta kutxa, Azpeitia).