Herriarteko Pilota Txapelketa hastera doa

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 29a, 11:04

Bergarako taldearekin batera faborito gisa ekingo diote apeitiarrek Herriarteko lehiari, bihar, Tolosan

"Jokalariek motibatuta egon behar dute, Herriartekoak hori eskatzen du-eta", dio Jexux Ruiz de Argandoñak

Jexux Ruiz de Argandoña Keuttin (Azpeitia, 1946) Ilunpe taldeko kidearentzat finalera iristea posible da. Bihar emango dute lehen urratsa, etxetik kanpo, Tolosako taldearen kontra final zortzirenetako lehen partidak jokatuz.

Zein maila du aurtengo Azpeitiko taldeak?

Maila ona du. Kadeteak iazko berberak dira eta asko hobetu dute urtebete honetan. Hiru bikoteak iazko berak dira aurtengo txapelketan. Eta aurreko urtearekin alderatuz gero, gora egin dute guztiek. Esperantza badugu, baten batek minik hartzen ez badu behintzat. Hori denon arazoa izaten da.

Motibatuta al daude jokalariak?

Halaxe egon beharko dute, Herriartekoak hori eskatzen du-eta. Jendea horren zain egoten da eta jokalariak motibatuta egoten dira. Guretzat urteko txapelketarik garrantzitsuena izaten da, zalantzarik gabe.

Faboritotzat jotzen dute Azpeitiko taldea. Zuek ere hala sentitzen al zarete?

Hala diote. Nik uste dut ondo ibiliko garela, baina inoiz ez dago esaterik.

Lehen partida jokatzeko atarian egonda, urduri al daude pilotari gazteak?

Ez da aurreneko urtea beraientzat eta ez dute urduri egoteko arrazoirik. Ilusioz beteta daude. Ikusleak egoten dira urduriago. Jende asko joaten da frontoira, zaleek ondo erantzuten dute.

Zein da zuen arerio nagusia aurten?

Aurten, Bergara eta Hernani dira. Tolosarren kontra irabazten badugu iazko txapeldunen kontra neurtu beharko ditugu indarrak; Bergararen kontra, hain zuzen.

Eta azkoitiarrak?

Beste taldean daude kanporaketa taulan eta topo egitekotan, finalean egingo genuke. Nahiko zaila izango da bai haientzat, baita guretzat ere. Frontoian sarrera handiena orduan izango litzateke, dudarik gabe.

Finalera iristeko esperantza ba al duzue?

Esperantza badaukagu, egia esateko. Ezusteak gertatu daitezke, lesioak eta abar, baina asmoa badugu.

AZPEITIKO TALDEA

]Kadeteak.Jon Aizpuru eta Iker Eizmendi.

]Jubenilak.Markel Etxaniz eta Andoni Aizpuru.

]Seniorrak.Iurgi Larrañaga eta Iosu Uzkudun.