Aldaketaren alde, LABek manifestaziora deitu ditu langileak maiatzaren 1ean

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 28a, 10:04
Urola Kostako LAB sindikatuko ordezkariak, atzo, Azpeitian egin zuten agerraldian.

Langileen Egunerako Urola Kostako mobilizazioa Azpeitian egingo dute, 12:30ean, plazatik abiatuta

Joan den martxoko datuen arabera Azpeitian 773 langabetu daude

Urola Kostako LAB sindikatuak maiatzaren 1ean Azpeitian egitekoak diren manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Mobilizazioa 12:30ean hasiko da, herriko plazan. LABek dioenez, aurtengo maiatzaren 1a "testuinguru orokorrak markatuta" dator, "egoera sozioekonomikoari dagokionez, krisi erdian gaude. Bestetik, aldaketa politikoari bultzada emateko aldiak hartu gaitu bete-betean". Maila zehatzagoan, berriz, negoziazio kolektiboak eta enpresa zein sektore gatazkak "momentu korapilatsuan" daudela dio sindikatuak. "Aldaketa soziala eta politikoa lagileen borrokatik soilik etorriko da". Hori hala, Langileen Eguneko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Krisia ez dutela langileek sortu, baina krisiaren eraginak haiek pairatzen dituztela salatu du LABek. "Instituzioek, ordea, krisia sortu dutenei ekonomikoki laguntzen diete", esan , eta ondorengoak aipatu dituzte adibide gisa: "Enplegua suntsitzea, langabezia tasa historikoak, Lana Erregulatzeko Txostenak, lan baldintzetan atzera pausoak, prekarietatea areagotzea, aberatsen aldeko neurri fiskalak, aurrekontuak eta gastu sozialak murriztea, mega proiektuen aldeko politikak...". Instituzioek hartutako neurriak "patronalak eta banketxeek irabaziak berreskuratzeko" direla kritikatu dute. Horrek guztiak Urola Kosta eskualdean "isla garbia" du, eta hori ikusteko eskualdeko langabezia datuei eta Lana Erregulatzeko Txostenei begiratu besterik ez dago, sindikatuaren arabera. Aurtengo martxoko datuen arabera, Urola Kostako populazio aktiboaren %10,60 langabezian dago.

Datuak eskuartean, eskualdeko egoera ez dela ona esan du LABek. Sindikatuaren arabera, egoerari erantzuna "beste eredu sozioekonomiko batean oinarritutako alternatibarekin" eman beharra dago. Haien ustez, orain arteko ereduak "murrizketak eta eskubideak urratzea besterik ez du eskaintzen", eta horren azken adibidea lan erreforma dela esan dute. "Krisia sortu dutenak, lan erreformarekin errematatu nahi dute, berriz ere espekulazioaren usainera, patronalak soldatak izoztuz, malgutasuna areagotuz, lanaldiak luzatuz".

Aldaketa sozial eta politikoa

LABekoek gogorarazi dute, sindikatua aspalditik ari dela "alternatiba egon badagoela" esanez. "Langileon mesederako izango den aldaketa sozial eta politikoaren premia aspalditik aldarrikatu dugun ardatz nagusia da". Sindikatuaren ustez badago aberastasuna, eta hori modu justuan banatzea da aldarrikatzen dutena, hain zuzen.

Sindikatua alternatiba propioa lantzen aritu da, eta horrek lau ardatz nagusi ditu: lanaren banaketan oinarritutako enplegu estrategia osoa; euskal pentsio sistema publikoaren aldeko apustua; sektore publikoa jendartearen mesedetara jartzea; eta erabakitzeko eskubidea, "horixe baita aurreko hiru ardatzetan aurrera egiteko berme bakarra". Zera adierazi dute horren harira: "Urola Kostan krisiak duen eragina ikusita, erabakitzeko eskubidea balego, krisiaren ondorioak beste era batera kudeatu ahalko lirateke".

Aldaketa sozialak nahi ez dituztenak dira aldaketa politikoa ere eragotzi nahi dutenak, sindikatuaren ustez. Horren aurrean, LABek ezker abertzaleak gatazka politiko eta armatuari konponbidea emateko prosezu demokratikoarekin bat egiten duela ere esan du.

Aldaketa, langileen borrokatik

LABek azaldu duenez, aldaketa soziala eta politikoa langileen borrokaren ondoriozkoa izango da. Horretarako, eskualdeko langileei manifestazioan parte hartzeko eskatu die, 12:30ean, Azpeitian. Ondoren, herri bazkaria egingo dute azoka plazan. Bazkaritarako txartelak salgai daude, 15 eurotan langileentzat, eta langabetuentzako eta ikasleentzako 10 eurotan. Ostegunera arte egongo dira salgai, honako tokietan: Zarauzko eta Azpeitiko LABen egoitzetan; Azpeitian Orkatzen, Zuhatzen eta Etxe Zurin; Azkoitian, Zakelan; Zestoan, Uztapiden eta Koioten; Zumaian, Inpernupen; Getarian, Arralden; eta, Zarautzen, Arranon.

Langabezia datuak

Langabetuak.

INEMen datuen arabera, Urola Kostako langabezia datuak hauek dira:

  • 2008ko martxoa: 2.047 langabetu.
  • 2009ko martxoa: 3.126 langabetu. 2008an baino %52,71 gehiago.
  • 2010eko martxoa: 3.933 langabetu. Iaz baino %25,81 gehiago, eta orain bi urte baino %92,13 gehiago. "Aurtengo martxoko langabetu kopuruak populazio aktiboaren %10,60 suposatzen du".

Langabezia herriz herri.

2010eko martxoari dagozkion datuen arabera:

  • Zarautzen, 1.222 langabetu.
  • Azkoitian, 644 langabetu.
  • Azpeitian, 773 langabetu.
  • Orion, 266 langabetu.
  • Zumaian, 582 langabetu.
  • Zestoan, 178 langabetu

Sektoreka.

Eskualdean langabetu kopururik altuena zerbitzuen sektoreari dagokio (%52,04), industria sektorearen aurretik (%34,15).

Kontratu berriak.

Eskualdean egin diren kontratuberrien kopurua:

  • 2009ko martxoan 985 kontratu.
  • 2010eko martxoan 1.282.

Horietatik finkoak 123 "soilik" izan direla salatu du LABek. Kontratuetatik %73,57 zerbitzuen sektorean egin dituzte eta %16,54 industrian. LABen arabera, datuak beste hilabeteetakoekin alderatuz gero, garbi ikusten da sortzen ari den enplegua behin-behinekoa dela, "prekarioa". Bestetik, industria sektorean enplegu oso gutxi sortzen ari da, "zerbitzuen sektorearekiko modu oso desorekatuan".

Lana Erregulatzeko Txostenak

2009an. Gipuzkoan Lana Erregulatzeko 1.142 Txosten onartu zituzten, eta 25.190 langileri eragin zieten. Horietatik 210 Urola Kostan onartu zituzten, eta 4.470 langileri eragin zien (horietatik 3.913 langile gizonezkoak izan ziren). Etendurako Lana Erregulatzeko Txostenak 4.369 langileri eragin zien eta hausketarenak gainontzeko 101 langileri.

2010ean. Aurten, martxoa bitartean lana erregulatzeko 238 txosten onartu dira Gipuzkoan eta 4.939 langileri eragin die. Horietatik 59 Urola Kostan izan dira. LABek esan duenez, "Gipuzkoan onartutako Lana Erregulatzeko Txostenetatik %24,80 Urola Kostari dagozkio eta eskualdeko 1.321 langileri eragin die".

Sektoreka. Iaz onartutako Lana Erregulatzeko Txosten guztien %41,85 industria sektorekoak izan dira eta aurtengoetatik %37,46 izan dira sektore horretakoak. "Hori azpimarragarria da, eta Lana Erregulatzeko Txostenek Urola Kosta eskualdeari bete-betean eragin diela ere nabarmendu behar da, eta, batez ere eskualdeko industria sektoreari".