Debekuak debeku, euskal presoen aldarrikapena Zestoan

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko api. 26a, 13:04
Bazkari jendetsua egin zuten Laranjadi plazan.

Azkoititik Zarautzerako martxa egin ez bazuten ere, Zestoan euskal presoen eskubideen aldeko festa egin zuten larunbatean

Herri kirolak, triki poteoa, bazkaria, manifestazioa eta ekitaldia, zein kontzertuak izan ziren Zestoan

Euskal presoen eskubideen aldeko Pausoz Pauso ekimenak bertan behera gelditzeko arriskua izan zuen larunbatean. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz, debekatuta zegoen Azkoititik Zarautzerako martxa; Ertzaintzak egunean zehar egitekoak ziren ekimenak ikuskatzeko eta "terrorismoa goratuko lukeen jarrerarik egonez gero neurriak hartzeko" agindua zuen. Azkenean, formatua aldatu eta Zestoan egin zuten egun osoko festa.

10:00etan abiatzekoa zen martxa Azkoitiko plazatik, baina bertaratu zirenek ertzainen furgonetak plazan ikusi orduko jakin zuten ezingo ziotela martxari ekin. Eliza inguruan bildu ziren guztiak eta martxarik egin gabe ere, Zestoan biltzea hitzartu zuten bertan eguna pasatzeko, "erasoak salatzeko eta elkartasuna adierazten jarraitzeko". Ertzaintza ere handik gutxira erretiratu zen, baina lehenago zenbait laguni identifikatzeko eskatu zioten.

Beti ere presoekiko elkartasuna gogoan izanik, egun borobila pasatu zuten atzo hainbat eta hainbat herritarrek Zestoan. Eguerdian herri kirolak egin zituzten plazan. Urola Kostako herri guztietako taldeek hartu zuten parte: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautzekoek hain zuzen. Eta Azpeitiko taldeak lortu zuen garaipena. Ondoren bertso poteoa eta jarraian bazkaria egin zuten Laranjadi plazan. Ondoren, manifestazioa eta ekitaldia egin zituzten. Hasiera batean Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean egitekoak baziren ere, egunari amaiera emateko, Zestoako Gaztetxean izan ziren kontzertuak Egurra eta Kitto, Fridays Crew, Mercenarios eta Ezereza taldeen eskutik.

Dena inrpobisatua izan bazen ere, eguraldia lagun, festa ederra egin zuten euskal presoen eskubideak aldarrikatuz.

Dignidad y Justiciaren eskaera

Ostiral arratsaldean Auzitegi Nazionalak Dignidad y Justiciaren eskaera jaso zuen, Pausoz Pauso ekimeneko ekitaldiak debekatzeko eskatuz, euren ustetan "terrorismoa publikoki goratuko" bailuke. Hala, ekimena ez dela manifestatzeko eta elkartzeko eskubideen barruan sartzen argudiatu zuen elkarte ultraeskuindarrak. Eskaera onartu egin zuen Auzitegi Nazionalak. Antolatzaileek bigarren deialdi bat egin zuten baina hura ere debekatu egin zuen auzitegiak.