Pasaiako segada argitzeko eskatuz ekitaldia deitzea onartu du Udalak

Uztarria.eus 2010ko mar. 30a, 20:03

Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak aurkeztutako mozioa onartu dute, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarko zinegotzien aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da

Ekitaldia eta eguna datozen egunetan zehaztuko dituzte

Azpeitiko Udalak Pasaiako segada argitzeko eskatuz ekitaldia deitzea onartu du, gaur eguerdian egin duen ohiko osoko bilkuran. Joan den larunbateko gertakariak direla-eta Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak aurkeztutako mozioa onartu du plenoak, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da.

"Larunbat goizaldera jakinarazi ziguten ertzainek manifestazioa debekatuta zegoela, eta guztiz ezinezkoa gertatu zitzaigun inolako errekurtsorik edo ahaleginik egitea honen aurka, denborarik ez zegoelako. Senide bezala guztiz txundituta eta izugarrizko inpotentzia sentitu genuen. Ez al daukagu kasu hau ikertu eta argitzeko eskatzeko eskubiderik?", galdetu du gaurko bilkuran Pello Aizpuruk, poliziek Pasaian hildako Dionisio Aizpuru Kurro-ren senideak. Azpeitiko Udala akusazio partikularra da Pasaiako segada argitu nahian epaitegietan zabalik dagoen prozesuan. Hori dela eta, Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak Udalari eskaera luzatzea erabaki du. Bi puntuko eskaera, hain zuzen: martxoaren 27rako deituta zegoen manifestazioaren debekuaren aurka agertzea, alde batetik, eta Udal Batzarrak ordu laudeneko kontzentrazio isila bultzatzea, bestetik, Pasaiako Sarraskia Argitu leloarekin.

Oposizioko hiru indarrek bat egin dute bi eskaerekin; hala ere, ez dute zehaztu Udalak kontzentrazioa edo manifestazioa deituko duen, ezta ekitaldia zein egunetan izango den ere. Datozen egunetan zehaztekotan gelditu dira. EAJk, berriz, ez du bat egin mozioarekin eta abstenitu egin da. Joan den larunbatekoari dagokionez, "ez dugu ondo ikusten eta ez gaude ados manifestazio hau galarazi izanarekin", esan du Julian Eizmendi alkateak, eta orain dela hogeita sei urte Pasaian jazotakoa "argitu eta ikertzearen alde" daudela, baina "manifestazio edo kontzentraziorik" ez dutela deituko gaineratu du. EAJ Komando Autonomo Anti-Kapitalisten biolentziaren kontra beti egon dela gogoratuz, "beraiek ez dute indarkeria gaitzetsi izan, indarkeriarekiko ikuspuntu erabat desberdina izan dugu, guk ez dugu konbokatuko", esan du alkateak.