Oholtza gaineko jolasak

Uztarria.eus 2010ko mar. 12a, 16:03
Antzerki eskolako haurrek hainbat jolas egiten dituzte ikastaroan.

Hamasei bat gaztetxo dabiltza egun antzerki eskoletan, Zapo Txokon

Lagun berriei "animatzeko" eskatu diete antzerki eskolako ikasleek

Bi emakume txinatarren arteko amodioa edo agure zahar baten istorio bitxia. Txiukue edo Denboraren makina. Mozorroak jantzi, beroketa jolas batzuk egin eta bi antzezlan hauek prestatzen dabiltza buru-belarri antzerki eskolako ikasleak, Alaitz Olaizolaren gidaritzapean. Alaitzentzat loreak besterik ez dituzte haurrek: "Alaitz oso ona da antzerkian, txintxoa ere bai eta gainera, pazientzia handia du", zioten.

Ikastola eta eskola desberdinetako hamasei bat neska-mutil biltzen dira astelehen arratsaldero Zapo Txokon. Ordubeteko saioak egiten dituzte eta adinaren arabera, bitan banatzen dute taldea.; 17:15ean, zazpi eta hamar urte bitartekoak, eta 18:30ean, hamaikatik hamalau urtera artekoak. "Lehen taldeak handiak ziren, 12-13 gaztetxo ingurukoak, eta bitan banatzea erabaki genuen. Jende gehiegi zen talde baterako eta ez genuen denbora aprobetxatzen", dio Alaitz Olaizolak.

Alaitz Olaizola berak idatzitako bi obrekin ari dira lanean aurten. "Beste urte batzuetan haurrek sortzen zituzten gidoiak, baina aurten neuk egindakoekin ari gara lanean; Txiukue eta Denboraren makina antzezlanekin hain zuzen ere". Ekainean Zapo Txokon, emango dituzte bi antzezlanak gurasoen presentzian. Eta haurren batek edo bestek Antzerki Topaketetan egitea "gustatuko" litzaiokela gaineratu du.

Jon Urbieta, Ainize, Zuhaitz, Maialen, Jon Altuna, Araitz, Maite eta Junek antzerkia dute afizioetako bat. Baita, bigarren taldeko, Ane, Lucia, Julen, Ekain, Iñigo, Ignacio Arakistain, Aiert, Ignacio Azkue, eta Ibaik ere. “Antzerkia asko gustatzen zaigu”, diote haur guztiek aho batez. Antzerki eskolen berri ikastolan edo ludotekan jaso dute batzuk eta gelakideek esanda besteek.

Lotsaren mugak

Taldean egiten den lana da antzerkia, baina bakarkako zenbait erronka ere baditu antzezlan bat prestatzeak: gidoia ikastea, lotsak alde batera uztea, seguru sentitzea… Horixe aipatzen zuten antzerki eskolako ikasleek dituzten zailtasunez galdetuta: "Zailena, imintzioak egitea, jende aurrean aritzea eta gidoia ikastea dira".

Beteranoak eta hasi berriak

Duela lau urte jarri zituzten antzerki eskolak martxan. Egungo ikasle batzuk orduan hasi ziren, beste batzuk geroago eta gutxi batzuk aurten. Aurten hasi direnek "oso gustura" daudela jakinarazi dute. Antzerki eskolako haurrek lagun berriei gonbidapena luzatu nahi izan diete eta "animatzeko" eskatu ere bai.

Antzerki eskoletako argazki bilduma, hemen .